Bidasoa Irun taldeak otsailaren 6an jokatuko du Gijonen kantxan. Zilarrezko Mailatik ihes egiteko partida garrantzitsua da.

Bidasoa-Irunen zaleak, Gijonera iaz egindako bidaian
CD Bidasoak Gijon eta Bidasoa-Irun eskubaloi taldeen arteko partida ikustera joateko bidaia antolatu du. Zilarrezko Mailako hemeretzigarren jardunaldiko partida hori otsailaren 6an jokatuko dute, 20:00etan hasita, Gijongo Kirol Jauregian.
Autobusa Irundik larunbat horretako 09:15ean aterako litzateke Bixera zenetik. Izan ere, gutxieneko kopuru bat ezarri du taldeak autobusa atera dadin: 25 jarraitzaile. Behin partida ikusita, garaipenarekin hobe, Irun aldera itzuliko litzateke autobusa; otsailaren 7ko goizaldeko 03:00ak alderako dago aurreikusita iristeko ordua.
Bidaiaren eta partidako sarreraren prezioa 40 eurokoa da. Hala, hiriko eskubaloi taldea animatzera joan nahi dutenek CD Bidasoaren egoitzatik pasatu behar dute izena ematera, astegunetan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:30era.