Besteak beste, Txingudi inguruko nahiz EAEko beste hezeguneen gaineko informazioa elkartrukatu eta eztabaidatuko dute hilaren 28an
Hegazti bat, Plaiaundin
Hezeguneen Mundu Egunaren harira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak espezieen kontserbazioaren gaineko jardunaldia antolatu du hilaren 28rako (osteguna da) Txingudi Ekoetxean. Bertan administrazioko espezialistek eta langileek batez ere hezeguneekin zerikusia duten espezieen kontserbazioari buruz hitz egin eta eztabaidatuko dute. Horretarako hainbat interbentzio prestatu dituzte (behean daude xehetasunak). Hau da, jardunaldi teknikoa da.
Alexander Boto Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintza zuzendariak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hegazti faunaren, arrain hiruarantzaren edo apo lasterkariaren errealitatea eta horien garrantzia zein den ezagutzeko aukera izango dute partaideek, baita saguzarren eta ur gezeko masen arteko harremana ere. EAEko itsasadarretako landaretza baskularraren berri emango dute ere.
Botoren arabera, Natura 2000 Sarearen kontserbazioak “biodibertsitatearen galeraren eraginak eteteko aukerak” emango ditu. Izan ere, sare horrek Europako Batasuneko balio natural handiko guneak hartzen ditu bere barruan, eta horren arabera, EAN sei gune daude: Txingudi, Urdaibai, Laguardiako aintzirak, Ullibarri-Ganboa urtegiko adarrak, Gesaltzako gatzagak, eta Caicedo Susoko eta Salburuko aintzirak. Denen artean 1.734 hekteareko azalera pilatzen dute, EAEren %0,23.
Honakoa da jardunaldiaren egitaraua:
- 09:45-10:00: jardunaldia zabaltzeko saioa.
- 10:00-11:00: Jose Luis Telleriak espezieen kontserbazioari buruz hitz egingo du.
- 11:00-11:30: Jose Maria Fernandezek EAEko hegaztien azken urteetako bilakaerari buruz hitz egingo du.
- 11:30-12:00: atsedena.
- 12:30-13:00: Iñaki Mezquitak itsas inguruneen kontserbazioari buruz hitz egingo du.
- 13:00-13:30: Juan Tomas Alcaldek saguzarrek hezeguneetan egiten duten lanaren berri emango du.
- 13:30-13:40: Leire Orejak EAEko itsasadarretan landareriaren egoera zein den agertuko du.
- 14:00: amaiera ekitaldia.