Gobernu taldearekin ezin izan ditu adostu aurrekontu proposamenari egindako zatikako zuzenketak, horregatik osoko emendakina aurkeztu du.
SPIko kideak
“Hutsuneak” eta “gabeziak” dituelako, Si Se Puede Irunek (SPI) osoko zuzenketa aurkeztu dio Irungo udal gobernuaren aurrekontu proposamenari. Podemosen ildoko udal taldearen ustez, kontuen proposamena aurrekoen antzekoa da, “honako gaietan ez da eredu berrian aldeko apusturik egiten: gazteria, kultura, promozio ekonomikoa, etxebizitza…”. Hala, besteak beste, gaitzetsi egin du taldeak hirian 4.626 langabe daudela (%15,5eko tasa), “sistemaren krisiaren ondorioa da hori, eta aurretik udalean agintean egon direnen dinamismo ezarena ere: eraikinak egiten oinarritu dira baita enpresa publikoetan ere. Horiek ez dute gizarte aberastasuna sortzen”.
Aurrekontu Parte Hartzaileentzat bideratutako diru kopurua (1,5 milioi euro) ere kritikatu du SPIk, esanaz, eredu hori “ez serioa” dela.
Horrela, SPIk hasiera batean gobernu taldearekin bildu nahi zuen zuzenketen gainean hitz egiteko. Bilera eginda zuzenketa partzialak adostu ez dituztenez, osoko zuzenketa egitea deliberatu du taldeak.
Zuzenketa partzialak
SPIk aurrekontuari aurkeztuko dizkion zatikako zuzenketen berri eman du aldi berean. Honakoak dira horietako batzuk, diru kopururik altuena dutenak hain zuzen:
- 2 milioi euro eskaintzea hiriko etxebizitzak alokairuan jar daitezen, hiriko etxebizitza hutsen mapa berria egin ondoren.
- 3 milioi euro eskaintzea auzoetako mahaia osatzeko eta hori edukiz janzteko eta urtez urte 750.000 euro bideratzea mahai horretan erabakitakoak aplikatzeko.
- Milioi bat euro “hotzaren aretoa” egiteko.