Hilabete daramate etxetik kanpo Korrokoitz 9ko bizilagunek. Termitek egitura kaltetu eta erortzeko zorian da eraikina. 2008az geroztik oraindik heldu ez den Hiri Egokitzapenerako Plangintzaren zain dira.
Martinen ama eta Remedios Gonzalez Korrokoitz 9ko atarian
Termitek amaiera eman diote aspaldian lausotutako Korrokoitz kaleko 9. zenbakiko bizilagunen ametsari. Inpotentziaz. Hala bizi dute hiru bizilagunek beraien etxeekin gertatzen ari dena. Erortzeko zorian da eraikina, eta orain hilabete etxea eta negozioa bertan izan dituztenek eraikina utzi behar izan dute, termitek gupidarik gabe jan baitute etxearen egitura. Etxea uzteaz gainera, hura eraistea ere beregain hartu beharko dute bizilagunek Asier Martinek, kaltetutako bizilagunetako baten anaiak azaldu duenez.
Korrokoitz 9ko soka luzea da, ordea. 1999az geroztik hiri antolamendutik kanpo utzi zuen Irungo Udalak eraikina, eta 2008an argi izpi bat ikusi zuten bertako bizilagunek, Martinek esan duenez: «Hiri Egokitzapenerako Plana egin zuen udalak orduan, eta etxe hori eraitsi eta bertan bizi ziren bizilagunei beste bizilekua ematea jaso zuen baldintzen artean. Promotoreak eta udala ez ziren heldu adostasunera, eta zazpi urtez erabateko ziurgabetasun egoeran bizi izan gara Korrokoitzeko bizilagunak».
Ziurgabetasun egoera hori Martinen aiton-amonek bizi izan zuten lehenik, «ondoren ama eta ni izan ginen bertan bizitzen, ni neu eta bikotekidea ostean, eta orain nire arreba eta bere adin txikiko bi semeak bizi dira bigarren pisuan». Etxea erortzeko zorian bada ere, eta hura husteko agindua eman badute ere, Martinen arrebak eta bere bi semeek bertan jarraitzen dute bizitzen, «agindua behin betikoa den arte bederen». Beste bi bizilagunek utzi dute etxea. Lehenengo pisuan, Remedios Gonzalez eta haren senarra bizi ziren eta beste etxe bat bilatu behar izan dute, alokairuan. 200 euroko laguntza jasotzen dute alokairua ordaintzeko udaleko gizarte zerbitzuetatik, baina 600 euro ordaindu behar dituzte, «ez da egoera erraza», esan du Martinek, «mila euro baino gutxiagoko pentsio batekin aurre egin behar diotelako». Halere, egunero- egunero doa Gonzalez etxeko leihoak ireki eta txukunketa egitera, eskora artean.
Beheko solairuko bizilagunak negozioa zuen bertan, ile-apaindegia, «goizetik gauera itxi behar izan zuen jubilaziorako kotizaziora heltzeko 13 urte falta zaizkionean. Bezeroak kanpoaldean zeudela azaldu behar izan zien ile-apaindegia itxi ziotela», gaineratu du Martinek.
Irtenbide duina nahi dute
Udalarekin mantendutako kontaktuetan, arazoa pribatua dela esan dietela behin eta berriz esan du Martinek, «baina ez da erabat egia, hemen proiektu bat zegoen eta gure bizitzan sartu ziren unetik, 1999 urtean baldintzatu zutenetik, arazoa ez da erabat pribatua. Gure etxebizitzarekin jokatu du udalak». Udalak orubearen balorazio bat egitea eskaini die bizilagunei, «60.000 eurokoa da balorazio hori. Etxea eraisteak, berriz, 31.000 euro balioko du, eta beraz, bizilagun bakoitzari 10.000 euro emango lizkiokete orubearen truke. Amorrua ematen dit hemendik bost urtera proiektua martxan jartzea eta etxe politak ikustea bertan, 60.000 euroan salduko dituztenak, guri 10.000 euro emanda». Ekonomikoki likidatzeko arazorik ez dutela jarriko gaineratu du irundarrak, «baina eskainitakoa duina izan dadila. Guk ez dugu eskatzen etxebizitza bat trukean, bertan duguna oso zaharra delako, baina zerbait duinagoa eskaini, eta hasteko ez jarri eraistea bizilagunen bizkar. Borondate apur baino ez dugu eskatzen».
Borondate faltari jasotako babesa kontrajarri dio Martinek. Gabonetako Irungo lasterketan egin zuten Korrokoitz 9ri irtenbidea aurkitzeko eskatzeko lehen ekintza, «hainbat korrikalarik aldarrikapen hori zuten elastikoekin egin zuten lasterketa». Futbito txapelketa heldu zen ondoren, eta bertan izena emandako taldeen artean hiruk Korrokoitzen aldeko aldarrikapena egin zuten, horietako batek irabazi zuen gainera. Plenoetara ere jo dute, eta elkarretaratzeak egin dituzte… «Bizilagunen babesak indarra ematen dizu. Ez dugu gustuko pankarta atera eta jendaurrean jartzea, edo plenoetara joatea zarata egitera. Gaia zabaldu egin da, publiko egin da eta laguntza jasotzen ari gara. Eskertzekoa da».
Alkatearekin eseri nahi dute orain, eta horretarako hitzordua eskatzekoak dira Korrokoitz 9ko bizilagunak eta horien abokatua, «aldaketarik ez badu proposatzen Korrokoitz inguruko bizilagunekin fronte zabala sortzea izango da hurrengo urratsa. Erdigunean gaude, baina erabat utzita dago Korrokoitz. Ez da egon borondaterik, ez da izan lehentasuna ezta kudeaketa gaitasunik ere eremu hori zaintzeko. Sasiak, baratzeak, eroritako etxeak… daude, izugarria da utzikeria. Plataforma horren helburua Korrokoitz kaleari irtenbidea aurkitzea izango da».
Etxea habetuta dute orain kale horretako bizilagunek, eta berandu baino lehen, alkatearen aldetik irtenbide duin bat jasotzeko esperoan dira.