Belaskoenea auzoko elkarteak eta udalak elkarlanean koordinatu dituzte lokalaren egokitzapen lanak. Olagizon kalean dago, eta hiriko adinekoentzako laugarrena izango da.
Auzoko kideak eta udal ordezkariak lokala ikuskatzen
Bukatzera daude Belaskoenea auzoko adinekoentzako lokala. Olagizon kaleko 32 zenbakian dago, eta 64 metro koadrokoa da. Egun gutxiren buruan egina izango da lokala, eta bertan auzoko adinekoek aisiaz gozatzeko eta nahi dituzten jarduerak egiteko aukera izango dute. Areto irekia eta bulegoa izango ditu egoitza horrek. 57.456 euroko aurrekontua dute lan horiek.
Gaur goizean bisitatu dute udal ordezkariek, Cristina Laborda Bide Publiko eta Obra arloko zinegotziak eta Pedro Alegre Herritarren Partaidetzako ordezkariak. Esan dutenez, azken ukituak besterik ez dira falta lokala atontzeko, ondoren altzariak jar ditzaten. Belaskoeneako Auzo Elkartearekin koordinatuta egin dituzte egoitzarekin harremana izan duten lan guztiak, eta horren egiturak San Migel auzokoarekin antzekotasunak dituela esan dute.
Irunen, adinekoentzako propio prestatutako laugarren aretoa izango da Belaskoeneakoa. Luis Marianon, Irason eta San Migelen daude beste hirurak. Pedro Alegrek gogorarazi du 2015eko Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuan proposamenik bozkatuenetakoa izan zela Belaskoenekoa, hortaz, aurrera eramatea adostu zutenetako bat.