Durangoko azokan gehien saldu diren tituluak eros daitezke Arrantzale Auzoan, %10eko deskontuarekin.
Goizean pixkanaka hurbildu dira herritarrak azokara
Ari da pixkanaka-pixkanaka jendean azokara hurbiltzen. Asteazkenean ireki zuten XXI. Hondarribiko Euskal Liburu eta Disko Azoka, eta igandera arte izango da Arrantzale Auzoan euskal sorkuntzako titulu aipagarrienak %10eko deskontuarekin erosteko modua. Goizez, 11:00etatik 14:00etara irekitzen dute, eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara.
Durangokora joaterik izan ez zuenak aukera ona du Hondarribikoan Olentzeroren zerrenda osatzeko falta zaizkion opari horiek erabakitzeko. Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailearen hitzetan, “Durangon gehien saldu zuten egileen lanak aurkitu daitezke”, hala nola Andu Lertxundi, Ramon Saizarbitoria, Jon Arretxe, edota iazko azokan gehien saldu izanagatik aurten Hondarribia Saria jaso duen Unai Elorriaga.
Musikari dagokionez, Ken Zazpiren azkena, Mikel Urdangarinen proposamen berria, edota Hondarribitik pasatu berri diren Pirritx eta Porrotxen
Amalur aurkitu daitezke azokan. Eta promozio handirik behar ez duten horiekin batera, tokiko sorkuntza aurkitu daiteke, Zura taldearen itzulerako diskoa (
Egunkari ezkutua), Jabier Muguruzaren
Tonetti anaiak edo Fermin anaiaren
Nola, beste askoren artean.
Baina askoz gehiago aurkitu daiteke igandera arte Arrantzale Auzoan, aurten 21. ekitaldia bete duen euskal liburu eta disko azokan. Bihar, larunbata, idazleen eguna izango da, eta nobela beltza landu duten bi egile hurbilduko dira euren azken lanak sinatzera. Noelia Lorenzok
La sirena roja publikatu du aurten eta Carlos Ollok
¿Quién con fuego?, biek Erein argitaletxearekin.