Argiak kontsumo txikikoak izango dira. Erain ikastetxeko kideek piztuko dituzte, 18:30ean.
Gabonetako argien piztuera biharko 18:30ean izango da.
Bihar (asteazkena) Irunek beste itxura bat izango du, gauez batik bat. 18:30ean, Erain ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek hiriko Gabonetako argiak piztuko dituzte, San Juan plazaren ondoan dagoen zuhaitzean (Fermin Calbeton kaleko jolas eremuan).
Hori baino lehen Irungo Udal Kontserbatorioko akordeoi orkestrak nahiz Musika Eskolak abesbatzak arratsaldea girotuko dute. Hori eginda emango diote botoiari Ereingoek, Jose Antonio Santano alkatearekin batera.
Urtarrilaren 6ra arte piztuko dituzte gauero argiak. Orotara, 211 elementu jarri ditu udalak hirian, horietatik 74 arkuak dira, beste 125 faroletan eta zutabeetan jarritako osagaiak dira, eta biribilguneetan ere beste 12 gailu jarri dituzte.
Irungo Udalak esan duenez, LED erakoak dira argiteria osatuko duten argiak, kontsumo txikikoak.