Eguerdian langilearen enpresaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, Oiartzunen. 19:00etan Irungo Zabaltza plazan egingo dute protesta,
Lan istripua izan zen eraikina. Argazkia: erran.eus
Atzo eguerdian irundar bat hil zen Nafarroako Urdazubi herriko Dantxarinean, lanean ari zen eraikinaren sabaia gainera erori zitzaiolako. 47 urte zituen irundarrak, eta Oiartzungo enpresa batean egiten zuen lan. Gertakari horren ondorioz beste hiru langile zauritu ziren. Hori salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur (osteguna) Oiartzunen eta Irunen.
Oiartzungo mobilizazioa zendutako langilearen enpresaren parean egingo dute (Mamut merkataritza zentroan dago enpresaren egoitza), 13:00etan, gehiengo sindikalak deituta. Irungoa, berriz, 19:00etan egingo dute Zabaltza plazan, ezker abertzaleak deituta.
Irungo EH Bilduk bertara joateko deia luzatu du, eta gogorarazi du aurten, Euskal Herrian, 50tik gora langile hil direla lan istripuan. “Datuak ikaragarriak dira, onartezinak. Zer edo zer gaizki egiten ari garen seinale da, langileen segurtasuna ezin bermatu badezakegu”, gaineratu dute. Arazoaren sustraietara joan behar dela eskatu du koalizioak, “berriro halakorik gerta ez dadin. Erantzuleak nor diren badakigu”. Langileei euren lantokietan salaketak egiteko gonbita egin diete, “eskubideak eta segurtasuna bermatu daitezen”.
Udalaren doluminak
Jose Antonio Santano Irungo alkateak, udalaren izenean, doluminak adierazi dizkie langilearen senide, lagun eta hurbilekoei. Gainontzeko zaurituak azkar osatzea espero du Santanok. Horietako bat irundarra da.