Elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Zabaltza plazan, udalak deituta, 18:00etik aurrera. 19:30ean, berriz, TASek deituta, manifestazioa egingo dute.
Puntu morea jarri dute udaletxeko balkoian
Azaroaren 25a da gaur, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna, eta horren harira, hainbat ekitaldi egingo dituzte Irunen. Horrela, udaletxeko balkoi nagusian indarkeria mota hori gaitzesten duen puntu moredun pankarta jarri dute zintzilik goizean goiz.
Arratsalderako, hainbat deialdi deitu dituzte. Alde batetik, Beatriz Rodriguezek Genero indarkeriak guztiok kolpatzen gaitu hitzaldia emango du Argoiak elkartean, 17:00etatik aurrera. Ordubete beranduago, udalak eta hainbat emakume elkartek elkarretaratzea egingo dute, Zabaltza plazan.
19:00etan, berriz, Amaia Kultur Zentroan Beldur Barik! nerabeentzako lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Dantza ikuskizuna ere egingo dute bertan.
Azkenik, Txingudi Antisexista plataformak deituta, manifestazioa abiatuko da Zabaltza plazatik. San Juan Arria plazan bukatuko da, eta bertan “ekitaldi hunkigarria eta polita” egingo dutela iragarri dute, Euskal Herrian indarkeria matxistak hil dituen bost emakumeen omenez.