Euskarazko Txiste Grafikoen Lehiaketaren 24. ekitaldiko sariak eman dituzte gaur Hondarribian. 39 lanen artean hartu du erabakia epaimahaiak, denak txisteak.
Bisitariak, sariak banatu aurretik
Gaur eguerdian banatu dituzte Hondarribiko Euskarazko Txiste Grafikoen Lehiaketako sariak. Bertan, epaimahaiko kideek nabarmendu dute urtetik urtera indartzen ari den lehiaketa dela, eta Iñaki Arzak kideak adierazi du 24. ekitaldi honetan aniztasuna izan dela nagusi, eta Hondarribiko gaiak lantzen dituztenak bereziki kontuan hartu dituztela (16 urtetik gorakoen mailako irabazleak Hondarribian metroa egitea proposatu du).
Aldi berean, sariak eman aurretik, Karmelo Goikoetxea epaimahaiko idazkariak adierazi du 39 lan aurkeztu direla aurtengo lehiaketara, eta zerbait hobetu behar bada, hori adinez gazteenak direnen lanen kopuruan gora egitea izango dela.
Arantxa Berrotaran epaimahaiko ordezkariak aipatu du, euskararen erabilera bultzatzea eta marrazkien munduan ahalmen sortzailea sustatzea direla lehiaketaren helburuak, bineta bakarreko txisteen bidez.
Jarraian, Hondarribiko Euskarazko Txiste Grafikoen 24. ekitaldiaren palmaresa:
B maila (12-16 adin tartekoak)
- Aipamen berezia Eneko Larruskainen Beltzaran lanari.
- Aipamen berezia Nahikari del Val Fernandezen Otso lanari.
- 150 euroko saria eta liburu eta disko sorta Niggy lanaren egileari (anonimoa da).
- 150 euroko saria eta liburu eta disko sorta Adriana Aseginolazari San Valentin lanari.
A maila (16 urtetik gorakoak)
- Lehen saria, Urko Floresen Hondarribiko metroa lanari. 300 euro.
- Bigarren saria, Telmo Floresen Giza komeriak lanari. 200 euro.
Behin sari banaketa saioa bukatuta, Aitor Txarterinak umorea eta marrazki sorkuntza uztartu dituen ikuskizuna eskaini die ekitaldian izan direnei.
[nggallery id=68]