Ahari beltzek porrota jaso zuten zelai zailera egindako bisitan (27-10). Bi partida jarraian galdu ondoren, hirugarren postura jaitsi da Zaisa Txingudi.
Zaisa Txingudi taldearen artxiboko irudia.
Irungo errugbi taldeak jaso zuen Gernikan jokatu zuen pasa den asteburuan. Esku hutsik itzuli zen Zaisa Txingudi taldea. Ahari beltzak gaizki antolatuta irten ziren soropilera, eta bizkaitarrak zigor kolpe batekin aurreratu ziren hirugarren minutuan. 11.ean, berriz, irundarren defentsa zulatu eta entsegua lortu zuten etxekoek (8-0). Bidasoarrak estutzen hasi ziren, eta lehen zatiaren erdian zigor kolpe batekin aldea murriztea lortu zuten (8-3).
Bi minutu iraun zituen pozak. Gernikarrek beste bi entsegu lortu zituzten hamar minutuko tartean, gehi bihurtze bat. Atsedenetik bueltan, beste entsegu bat lortu zuten etxekoek, markagailua 27-3 jarriz. Irundarrek ez zuten amore eman, eta 62. minutuan Ruben Olaizolak bihurtu zuten entsegu bat egin zuen. Azkenean, 27-10.
Bi porrot jarraian jasota, hirugarren postura jaitsi da Zaisa Txingudi. Datorren asteburuan atsedena egongo da ligan, eta hurrengoan Plaiaundin jokatuko dute irundarrek. Hilaren 28an —larunbata— izango da, 16:00etatik aurrera.