Indarkeria matxistaren protokoloa landuko du Abotsanitzek
Uste dute Eudelen eta Emakunderen neurriak ez direla nahikoak, eta Hondarribirako indarkeria matxistaren protokoloa lantzen hasiko dira.
Abotsanitz alderdiak uste du Hondarribiak indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo propioa behar duela, ez dela nahikoa Eudel edo Emakunde erakundeek dutenekin. “Gure ustez, indarkeria mota honek duen larritasunaz jabetu beharra dugu eta gure herriari, Hondarribiari, egokitutako protokolo zehatza beharrezkoa dugu”, adierazi dute.
Hori horrela, indarkeria matxistaren kontrako protokoloa auzolanean diseinatzea proposatu dute. “Herritarrekin herritarrentzat egindako tresna izango da eta guztion artean sortutakoa izanik informazioa ahalik eta gehien zabaltzea izango du abantaila eta gizartearen kontzientziazioan urrats nabarmena izango luk””.
Hala, gaia landuko dutela esan du ezker abertzaleko taldeak, eta herritarrei deia luzatu diete: “Norbanako bakoitzari, zein eragile edo kolektiboei deia luzatzen die auzolanean lanketa honetan parte hartzera, herri justuago, kohesionatuago eta zoragarriago batean bizi gaitezen”.