Europako migrazio ibilbide nagusietako baten bide erdian, milioika hegaztik zeharkatzen dute urtero Txingudi badia. Askok bertan hartzen dute atseden, bide luzeari ekin aurretik.
Eguzkia sartzen denean atsedenerako ordua iristen zaie hegazti migratzaileei. Behar duten babesa eta jana aurki dezakete Txingudi badian.
Basahateak, kopetazuriak, uroiloak, zisneak, lertxuntxo txikiak, ubarroi handiak, buztanikarak, zozo arruntak, martin arrantzaleak, kaioak, antxetak, karnabak, ur-zozoak… Urteko edozein garaian Txingudiko urmaelak bisitatzen dituenak bertan aurkituko ditu uretan dantzan, janari bila murgiltzen, putzu batetik bestera hegal eginez, edo lohietan euren hanken markak marraztuz. Han dira, egunak joan eta egunak etorri, Jaitzubiko paduretan, Plaiaundiko aintziretan, Jaizkibeldik jaisten diren erreketan, Bidasoko irletan, Hendaiakoan…
Baina udazkena hurbiltzen denean panorama guztiz aldatzen da, ez bertako biztanleak beste nonbaitera joango direlako, han segituko baitute eguneroko martxan: Europa iparraldetik datozen lagunen bisita jasotzen dute. Hegazti migratzaileak dira, neguko hotzarengandik ihesi eguraldi gozoagoa helburu hegoalderanzko migrazioa egiten ari direnak (
ikusi argazki galeria).
Abuztua bukaeran hasten da hegaztien eztei-aurretiko migrazioa, eta azaroa bukaera arte luzatzen da. Ez da migrazio bakarra; udaberrian eztei-ondorengoa egiten dute, gutxi gorabehera urtarriletik martxora doana, baina Irungo Plaiaundi Parke Ekologikoetako bisita gidatuetan azaltzen dutenez, horrek eragin gutxiago du: «Udaberrikoa lasterketa bat izaten da, helburua ahalik eta azkarren etxera itzuli eta arrautzak jartzeko leku egokia aurkitzea. Hegaztiak indartsuago daude, eguraldi ona izaten da, eta egunak luzeagoak dira». Hala, askoz gutxiago dira udaberriko migrazioan badiako urmaeletan geldialditxoa egiten dutenak. Aldiz, udazkeneko bidaia bizirauteko egiten dute hegaztiek, eta bidaia bera heriotzaren aurkako uneoroko borroka izaten da.
Bidegurutzea ere bada
Milaka kilometroko bidai latz horretan oasiak behar izaten dituzte hegaztiek, indarrak hartu eta bideari berrekiteko. Leku bereziak behar dute izan, ura, jana soberan, eta atsedenerako baldintza egokiak dituztenak. Txingudi da oasi horietako bat, eta udazkenero dozenaka espezietako milaka hegaztien bisita jasotzen du, Euskal Herrian beste inon baino gehiago.
Mokozabala, San Lorentzo aintziran
Izan ere, atseden leku izateaz gain, bidegurutze ere bada; migrazio autobidea Txingudin estutzen den bezala, badia pasata zabaltzen da berriro, eta espezie bakoitzak komeni zaion bidea aukeratzen du. Batzuk, kostaldetik jarraituko dute bidaia, beste batzuek hegoalderanzko bide zuzena hartuko dute, Aiako Harri gainetik hegaldia eginez. Eta azkenek haranak baliatuko dituzte, Gipuzkoa barnealdetik edo Bidasoa ibaiaren arrotik gora abiatuz.
Leku batetik zein bestetik jarraitu, milioika dira udazkenero Txingudiko badia zeharkatzen dituzten hegazti migratzaileak. Handienetik hasi eta txikieneraino, bi metroko hego-zabalera gainditzen dituen kurrilotik, hamar gramoko txio arrunteraino, zeruko nomadentzat oasia da Txingudi, eta era berean, paradisua bisitariarentzat.
270
hegazti espezie
Dituen ezaugarriengatik, hegaztientzako bizitoki eta atseden leku paregabea da Txingudi badia. Euskal Autonomia Erkidegoan katalogatu diren lau hegazti espezietik hiru azaldu dira bertan, 270 espezie guztira. Udazkeneko migrazio garaian ikuska daitezke horietatik gehienak.
“Iritsiko da unea ohartzeko kontserbazioa ezinbesteko kontua dela”
Alberto Luengo Urmaeletako teknikaria
Txingudiko urmaeletako teknikaria da Luengo
Zer dira zuretzat hegaztien migrazioak?
Lanaz gain, gozatzeko unea da hegaztien migrazioa. Lan guztiek dute alde on bat, eta hain ona ez den beste bat, baina badira une batzuk izugarri gozatzen duzula. Edozein langilek bilatzen duen hori, guk migrazio garaian aurkitzen dugu, momentu benetan ikusgarriak izaten dira.
Zertan aldatzen da zuen lana garai honetan?
Urte osoan zehar hegaztien jarraipen bat egiten dugu, eta hau goi denboraldia da. Mugimendu handia dago, abuztua bukaeran hasten dira espezie desberdinetako hegaztiak iparraldetik hegoaldera migratzen, eta azaroa bukaera arte irauten du. Limoetakoak lehenik, lertxunak gero, iraila hasieran mokozabalak, uso asko gero, arrano arrantzalea, kurriloak… eta oraindik kurrilo asko falta dira eta batez ere antzarak. Azken hauek hotz handia egiten duenean migratzen dute, euriarekin eta haize handiarekin. Eguraldi hori oraindik ez da iritsi, eta iristean, antzarak etorriko dira, eta migrazio denboraldia bukatuko da.
Zergatik da eremu hau hain erakargarria hegaztientzat?
Europan hiru migrazio ibilbide nagusi daude eta hau da horietako bat, eta Txingudi justu erdibidean dago. Hemendik pasatzen diren hegaztiak Fenoscandiatik (Norvegia) datoz, Danimarkatik jaitsiko lirateke, Alemania, Holanda, Belgika, Britainia Handia zeharkatu, eta Frantziatik hona iritsita bi arazo geografikorekin egiten dute topo; Pirinio mendiak eta Kantauri itsasoa, eta Orreaga eta Higer lurmuturra. Botila sama sortzen da, eta horrek egiten du milioika hegazti hauek Txingudiko urmaeletatik pasatzea. Batzuk hemen geratuko dira negua pasatzeko, beste batzuk Iberiar penintsulan sakabanatuko dira, eta gehienek Afrikara jarraituko dute, Gibraltar itsasartea zeharkatuz.
Ez dute migratzen nahi dutelako, behar dutelako baizik, eta askotan nekatuta iristen dira hona. Behar dutenean hemen geratzen dira, atseden hartu, jan, grasa pilatzen dute, bideari ekin ahal izateko. Migrazio ibilbidean hegaztiek dituzten oasietako bat da Txingudi, espezie askorentzako ezinbestekoa.
Zenbat espezie zenbatu dituzue Txingudiko urmaeletan?
EAEn 369 espezie zenbatu dira, eta horietatik 270 azaldu dira Txingudin. Espainiako Estatuan, Kanariar irlak barne, dauden espezieen %47a zenbatu da hemen. Migrazio ibilbide nagusi horretan egoteak sekulako aberastasun eta dibertsitatea eskaintzen dizu, ez ohikoa hain txikia den eta gizakiak hainbeste baldintzatutako eremu batean.
Urtetik urtera zenbait lan ari dira egiten aintziren inguruan, bideetan. Zein helbururekin?
Egiten diren lanek ingurumena hobetzeko helburua dute, ekosistemen prozesuak berreskuratu, bertan hegazti, beste animali espezie eta flora komunitate ahalik eta osatuena bizi dadin. Espezie bat edo beste baino, garrantzitsuena da ekosistema bera izatea osasuntsua, hori lortzen bada, espezieak onura nabarituko duelako.
Gizakiak asko eraldatutako ingurua da hau. Ehun mila biztanle, aireportua ondo-ondoan, trenbide azpiegitura… Zer egin daiteke horren aurrean?
Tristea da uneoro azaldu behar izatea kontserbaziorako arrazoia zein den. Britainia Handian, esaterako, gauza gutxitan jarriko dira politikariak ados, baina ingurumenaren kontserbazioan ez dago eztabaidarik, denek dakite ezinbestekoa dela bizitza kalitatea handitzeko zentzu guztietan. Hezkuntza kontua da, iritsiko da unea ohartzeko kontserbazioa ezinbesteko kontua dela. Bitartean, pazientzia behar da, eta jarraitu zabaltzen oso inportantea dela naturari protagonismoa itzultzea.