Irunen eskaintzen diren zerbitzuak bateratzea da udalaren asmoa. HAZen errefortzu berezia jarriko dute Irun Txartela atera ahal izateko.
Artaleku kiroldegiaren kantxa nagusia
Artaleku eta Azken Portu kiroldegietako abonatuek otsailaren 1etik aurrera Irun Txartela erabili beharko dute instalazio horiek erabiltzeko. Jada askok txartel hori erabiltzen dute horietara sartzeko, baina otsailaren 1etik aurrera, erabiltzaile guztiek baliatu beharko dute txartela.
Hortaz, abonatu txartela soilik dutenek (eta ez Irun Txartela), hiriko agiria egin beharko dute. Hau da, txartel bakarra baliatu nahi dute ez kiroldegiak bakarrik, udal zerbitzuak emateko (txartelekin eman daitezkeenak). Irun Txartelarekin, besteak beste, egun HAZen tramiteak egin daitezke, edo udal liburutegira sartu. Otsailetik aurrera kiroldegietarako sarbidea ere izango dute aukeran txartelaren jabeek.
Irungo kiroldegiek, egun, 10.185 abonatu dituzte. Horietatik 8.000 pasata 16 urtetik gorakoak dira, hortaz, horiek dira Irun Txartela baliatu dezaketenak. Kontuan hartuta, udalak emandako datuaren arabera, 8.000 horietatik 4.000 batek dutela Irun Txartela, beste erdiak egin beharko luke kiroldegietara sartu ahal izateko.
Horregatik, Irun Txartela ateratzeko errefortzu berezia jarriko du udalak hilaren 23tik urtarrilaren 31ra arte HAZen (Hiritarren Arreta Zerbitzua). Aldez aurretik txanda eskatu behar da txartela ateratzeko, eta doan da. Txanda 010era deituz lor daiteke.
Egun, 11.754 irundarrek dute Irun Txartela.