Azaroaren 25ari begira neurri zehatzak eskatu ditu EH Bilduk

Koalizioak zortzi puntuko adierazpen instituzional proposamena aurkeztu du Hondarribiko Udalean.

tas elkarretaratzea biolentzia matxista

Eraso baten kontrako protesta, Irunen

Hondarribiko EH Bilduk adierazpen instituzional proposamen bat aurkeztu du udalean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunari begira. “Emakumeen aurkako biolentzia oro baztertzen dugula ez ezik, biolentziak eragiten dituen eragile oro baztertzen dugula esateko eguna da”, adierazi du koalizio abertzaleak. EH Bilduren ustez, erakunde publikoak “lehentasunezko eragile” izan behar dira, “konpromiso zehatzak” hartuz. “Ez dugu bakea eta normalizazioa lortuko gure herrian, emakume izateagatik biolentzia jasateko aukera bakar bat mantentzen den bitartean”, gaineratu dute. Hori horrela, 8 puntu jasotzen dituen adierazpen instituzional proposamena aurkeztu du Hondarribiko EH Bilduk. Besteak beste, Emakumeen Mundu Martxak onarturiko protokoloa bere egitea, biolentzia matxistari aurre egiteko emergentziazko plan iraunkor bat eragile desberdinekin adostea, herri mailako behatokia abiatzea, eta udalak genero indarkeriaz aritzeko ‘biolentzia matxista’ terminoa erabiltzea proposatzen dute. Gainera, mugimendu feministak azaroaren 25erako deitu dituen ekitaldiekin bat egin du Hondarribiko EH Bilduk, eta herritarrei deia luzatu die, ekitaldi horietara batu daitezen.

8 puntuak

  1. Hondarribiko Udal honek, Emakumeen Mundu Martxak onartua duen biolentzia matxistari aurre egiteko protokoloa bere egiten du.
  2. Hondarribiko Udal honek, talde feminista eta emakume taldeekin elkarlanean, Hondarribiarekin lotutako biolentzia matxistei aurre egiteko emerjentziazko plan iraunkorra abian jarriko du, horretarako behar diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak aktibatuko dituelarik.
  3. Hondarribian gerta daitezkeen emakumeen aurkako erasoak identifikatzeko, salatzeko, desagerrarazteko eta sortu aurretik aurreikusteko biolentzia matxistaren aurkako behatokia abian jarriko du, emakume eta talde feministekin elkarlanean.
  4. Udal erakunde honek, izanak izena duenez, eta terminoak argitze aldera, etorkizunean ‘biolentzia matxista’ terminoa erabiltzeari eutsiko dio, dagoeneko hedatua eta zabaldua dagoen kontzeptua baita adituen artean.
  5. Udal erakunde honek, berdintasun unitatea sortzeko eta baliabide tekniko zein ekonomikoz hornitzeko konpromisoa hartzen du, 2016 urteko aurrekontuak zehazten ari diren une honetan.
  6. Udal erakunde honek, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza enplazatzen ditu, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurrekontu partidak handitu, berdintasun zuzendaritzak indartu, epaitegietako genero unitateak doitu eta legedia errebisatzeko konpromisoa hartzera.
  7. Hondarribiako Udal honek, enplazamendu zuzena egiten die hezkuntza eragileei lerro kurrikularretan genero berdintasuna landu dezaten.
  8. Azaroaren 25erako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioekin bat egiten dugu eta bertan parte hartzeko deia egiten diogu jendarte osoari.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.