Giza eskubideak bermatzeko lanean oraindik lana egiteko badagoela esan du EH Bildu koalizioak, eta hori egiteko bere konpromisoa azaldu du, Jose Antonio Santano alkateari ardura eskatuz.
Izaskun Sorondo eta Oinatz Mitxelena, EH Bilduko hautetsiak
Gaur, Oroimenaren Egunaren harira Biktimen Oroitarrian egin den ekitaldian parte hartu du Irungo EH Bilduren udal taldeak, aurreko urteetan egin bezala. “Biktima guztiei errekonozimendua egitea izan da gure helburua”, esan du koalizioak. Baina hutsuneak ikus dituzte, izan ere, gaur, plaka bat jarri dute Jaurlaritzak egindako Memoriaren udal erretratua lanean oinarritutako biktimen izenak agertzen zirela bertan. “Guretzat. dokumentu hori ez dago osatuta. Memoriaren erretratu oso bat esku artean eduki arte lanean arituko gara”.
Koalizioak nabarmendu duenez, “giza eskubide aunitz oraindik zapalduta izan dira eta zapalduak izaten jarraitzen dute”, eta horri aurre egiteko lanerako gogoa berretsi du EH Bilduk, “herri honetan bizikidetza lortzeko eta giza eskubide zein eskubide zibil eta politiko guztiak bermatuak izateko lanean jarraitu beharra dago”.
Ildo horretan, Jose Antonio Santano alkateari mezua helarazi dio alderdi abertzaleak, Antxeta Irratiak elkarbizitzaren inguruan antolatutako jardunaldietan egin zituen adierazpenen harira: “Eskatzen diogu, berak adierazi zuen moduan, elkarbizitzaren inguruan lan egiten jarraitzeko bitartekoak, elkarrizketa mahaiak eta beharrezkoak diren baliabide guztiak abian jar ditzala. Irungo hiriak jakin dezala EH Bildu horretarako prest dagoela”.