Hilaren 22an, bertakoen eta etorri berri direnen artean bazkariak egingo dituzte Irungo etxeetan Bizilagunak egitasmoaren barruan, elkar ezagutza eta gizartearen aniztasunean sakontzeko.
Sergio Corchon eta Anaitze Agirre, gaurko agerraldian
Irunek Bizilagunak egitasmoarekin bat egin du. Bertako eta kanpotik etorritakoen arteko bazkaria da egitasmoaren oinarria, baina askoz gehiago da. Bertakoen etxean, etorritakoek bazkalduko dute, are gehiago, otordua prestatuko dute denen artean, ‘bertako’ eta ‘etorritako’ hitzei zentzua kenduz. Irunen, udalak eta SOS Arrazakeria elkarteak eramango dute aurrera jarduera, hilaren 22an. 14:00ak inguruan beteko dira Irungo etxeak elkartasunez. Laugarrenez egingo dute jarduera, eta Euskal Herriko dimentsioa du.
Bertan parte hartzeko modu asko daude. Esan bezala, etxean gonbidatuak hartzeko, edo gonbidatu izateko aukera dute partaideek. Baina dinamizatzaileen lana ere badago: horiek arduratzen dira pertsonen arteko lehen hartuemana egiteaz, denak elkarrengandik hurbilago senti daitezen.
Iaz, Euskal Herri osoko 230 etxetan egin zuten Bizilagunak. Aurten muga hori hautsi nahi dute. Hartara, bertan izena emateko modua honakoa da:
SOS Arrazakeriaren posta elektronikora mezua idaztea.
Irungo saioa gaur aurkeztu dute udaletxean udaleko eta SOS Arrazakeriako kideek. Sergio Corchon udaleko Ongizate ordezkariak esan duenez, Bizilagunak “ezezagunaren aurrean izua gainditzeko” modua izan daiteke, “elkar ezagutzeko, eta gure gizartean pluraltasunaz jabe izateko.
SOS Arrazakeriako kide Anaitze Agirreren ustez, Bizilagunak zehatza eta egiteko erraza da, “pertsonak hurbiltzeko modu eraginkor, dibertigarri, eta atsegina. Aurreiritzi eta estereotipoak hausteko oso egokia. Izan ere, bertakoen eta etorritakoen artean gizarte plurala osatzen dugu, eta hori oso aberasgarria da”.