Aurrekontu parte hartzaileen finalera iritsi diren 48 egitasmoen berri emango du udalak. Hilaren 6an Internet bidezko bozketa hasiko da, irabazleak hautatzeko.
Partaidetzazko aurrekontuen bigarren saioa, Luis Mariano zentroan.
Bihar (osteguna) aurkeztuko dituzte Carlos Blanco Aginaga (CBA) udal liburutegian udalaren aurrekontu parte hartzaileen prozesuan finalera iritsi diren 48 egitasmoak. Horietatik 36 egin diren hiru batzarretatik atera dira, eta gainontzeko 12ak Internet bidez jaso ditu udalak. 19:00etan hasiko da batzar irekia.
Batzarrean proposamen guztien berri emango da, onartutakoena. Onartu ez direnen berri emango dute, zergatik aurrera ez duten egin azalduz. Aldi berean, gazteen prozesuaren barruko 20 proposamenak ere jendaurrean jarriko dituzte.
Behin proposamen finalistak zeintzuk diren azalduta, bozketaren garaia iritsiko da. Internet bidez egin dezakete finaleko edozein proposamenen alde herritarrek Irungo Udalaren webgunearen bidez, prozesuaren aurreko bozketetan parte hartu ala ez. Hala, prozesu orokorrean bozka emateko 16 urtetik gora izan behar dute partaideek, eta gehienez, bost proposamen hobetsi ahal izango dituzte. Gazteen prozesuan 16-30 adin tarteko irundarrek eman dezakete botoa. Bien ala bien bozketa hilaren 6an (ostirala) hasiko da, eta 13an bukatu.
Prozesu honen bitartez, 2016ko aurrekontuetan 1,5 milioi euro zertan inbertitu erabakiko dute irundarrek, 1,3 prozesu orokorrean, 200.000 euro gazteenean.