Bidasoaren ezker ertzean, Behobia eta Osinbiribil artean eraiki nahi duten pasabideak ekologisten kezka piztu du. Hendaiako Herriko Etxeak egurrezko pasabidea inauguratu zuen iaz eskuineko ertzean, Natura 2000 gunea izan arren; limoetako hegaztien habitatari kalte egin zion.
Faisaien uharte pareko zatia dago onartua
Oinezkoentzako eta bizikletentzako egurrezko pasabide bat inauguratu zuen Hendaiako Herriko etxeak iazko urtarrilean, Bidasoa ibaiaren eskuin ertzean, tren geltokiaren eta Intzurako industrialdearen artean. 880 metro da luzean, eta lau metro zabalean, eta Hendaia Irunekin lotzen duten hiru zubien azpitik egiten du bidea, Irungo irlen paretik. 2,5 milioi euroko aurrekontua eduki zuen.
Azpiegitura horrekin Txingudi badiaren herriko ibilbidea osatu zuen Hendaiak, Ondarraitz hondartzatik Pausuraino (Urruña). Horrek ekologisten haserrea piztu zuen, zutabeak ibai ertzeko lohian finkatu eta limoetako hegaztien habitatak hondatu zituztelako. Mikel Estonba Itsas Enara elkarteko biologoak gogor kritikatu izan du egurrezko bidea —Bidasoaldeko Lagunak plataforma osatzen duten eragileetako bat da Itsas Enara—: “Pasarela hori padura baten gainean eraiki da; hortik hasita, padura bati kalte egin zaio, berez. Bestalde, giza presentzia areagotu egin du hainbat hegazti espezierentzat oso garrantzitsua den eremu batean. Azpiegitura lot zitekeen padura eremuari kalterik egin gabe”.
Inauguraziora Irun eta Hondarribiko ordezkari politikoak gonbidatu zituzten, eta obra berria goraipatu zuten. Izan ere, hiru herrietako agintarien aspaldiko nahia da Txingudi badia oinez eta bizikletaz inguratzea, mugaz gaindiko azpiegitura batekin. Ordurako, Irungo EAJk aurkeztua zuen Irun eta Hondarribia lotzeko proposamen bat, eta Hendaiakoa aintzat har zitekeen adibidea zela aipatu zuten jeltzaleek, “badiaz eta ingurune lasai eta erakargarriaz gozatzeko aukera paregabea”.
Lapurdiko bi herriak elkartuta, badiako ibilbidea Behe Bidasoko Gipuzkoako bi herrietan dago osatzeke, eta Irunen aurrerapausoa ematear daude: Behobia eta Osinbiribil artean pasabidea eraikitzeko proiektua onartu du udalak. Asmoak Bidasoaldeko Lagunak plataformaren erantzuna jaso du: eremua hegazti migratzaileentzat ezinbestekoak diren habitatak biltzen dituen nazioarteko Natura 2000 Sarean egon arren, egiaztatu dute Hendaian hori ez dela errespetatu.
Plataformak erantsi duenez, pasarela eraiki nahi den ingurua biziberritzeko beharra dagoela dio Txingudi Alorreko Errekurtso Naturalak Babesteko eta Eratzeko Plan Bereziak: “Babesgune horietan egiten den edozein jarduerak izendatutako gunearen balioak biziberritzera bideratuta egon behar du bakarrik. Gunea urbanizatzea kontrako norabidean doa”.
Errespetuzko alternatiba
Irungo Udalak, baina, Bidasoaldeko Lagunen kezkak funtsik gabekoak direla uste du: “Ziurrenik proiektua ezagutzen ez dutelako, Behobia eta Osinbiribil artean eraiki nahi dugun pasabidearen inguruko zenbait termino nahastu egin dituzte”, adierazi du Cristina Laborda Herri Lan ordezkariak. Azaldu duenez, proiektua bi fasetan gauzatu nahi dute, eta lehen fasea da onartuta dagoena, Faisaien uharte paretik doana. “Proiektuaren lehen fasean onartu dugun aukera hegal irtena da, ibaiaren ibilgua ukitzen ez duena”. Udalaren datuen arabera, lehen zatia 1.040 metroko luzerakoa litzateke, eta Azken Portu kiroldegiko atzealderaino helduko litzateke. Pasabidea eraiki eta gero, oinezkoen bidearen zabalera 3 metro litzateke, eta bidegorriarena 2,4 metro.
Lehen fasea onartu aurretik, ibilbide alternatiboak aztertu dituztela argitu du Labordak, eta irtenbide egokiena pasabide irtena dela deritzo. Haren ustez, ekologistek kaltegarritzat jo dituzten aukerak dira udalak ere baztertu dituen horiek. Halaber, bigarren faseak antzeko bidea egingo duela gaineratu du: “Oraindik ez dago onartuta, baina bai erredaktatuta, alternatibak aztertu dira, eta hegal irtena egiteko aukera lehenetsi da. Aukera hori da egitasmoa onartu beharko denean mahai gainean jarriko dena”.
Orain, erakundeen oniritzia da egitasmoko lehen fasea gauzatzeko falta dena, eta xede horrekin, Irungo Udaleko ordezkaritza batek Madrilera bidaiatu zuen urrian, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta eta Itsaso Jasangarritasun Zuzendaritza Orokorrarekin bilera edukitzeko. Bilera hartan, Bidasoa ibaiaren gainetik igaroko den pasabidearen proiektua aurkeztu eta defendatu zuen udalak. Oraindik proiektuaren aurrekontua ez da jakitera eman, baina Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuan 1,5 milioi euroko diru laguntza onartuta dago. Lanak aurten egingo ez direnez, diru hori 2016rako gorde dezala eskatu diote Jaurlaritzari.
Badiako ibilbidea osatzeko Irungo Udalak onartu duen lehen zatiak zeresana eman duen bezala, ez dirudi Txingudiko badia inguratzeko bidea osatu arteko bidea erraza izango denik, zatirik konplexuena eta hauskorrena baita falta dena. Besteak beste, tren azpiegiturak eta saihesbidea gainditu beharko dituzte, Txingudiko plan nagusiak lehengoratzeko eremu gisa izendatua duen Plaiaundi Parke Ekologikoan eragin gabe.