Atzo hasi ziren Izuaren Etxea muntatzen gaztelekuan. 17:00etatik 20:30era irekiko dute gaur, eta 12-18 urtekoek bisitatzeko aukera izango dute gaur.
Sainduako hezitzaileak eta boluntarioak, atzo arratsaldean, Izuaren Etxea muntatzen
Hilabete prestatzen egon eta gero, ia dena listo dute Hondarribiko
Saindua Udal Gaztelekua hirugarrenez Izuaren Etxea izan dadin. 2013an hasi ziren bertan Arimen Gaua modu berezian ospatzen. Urte hartan zirku beldurgarria bihurtu zen Saindua, iaz, aldiz, eroetxea. Eta aurten, ospitalea izango da gaztelekua, ondo-ondoan kanposantua izango duen ospitale beldurgarria.
Urria hasieran hasi ziren atrezzoa prestatzeko tailerrak egiten eta atzo arratsaldean muntatzeari ekin zioten. Santa Maria Magdalena arte tailerraren laguntzarekin, gaurko makilajea zehaztu zuten ere. Gaur eguerdian berriro elkartuko dira azken ukituak emateko, eta 17:00etan itzaliko dituzte argiak eta ateak irekiko ausartzen diren bisitariei harrera egiteko.
12-18 urte bitartekoek izango dute Izuaren Etxea bisitatzeko aukera, 17:00etatik 20:30era, doan.