Aurretik bilera egin zuten alderdi guztiek Kaleratzeak STOP taldearekin, eta alde bozkatuko zutela adostu zuten. Baina atzo gobernuak mozio alternatiboa aurkeztu zuen.
Plataformako kideak atzoko eztabaida jarraitzen
Espero zenaren kontra,
Hondarribia etxe kaleratzeen kontrako hiri izendatzeko mozioa ez zen onartu atzo osoko bilkuran. Alderdi guztiek adostua zuten aldeko bozka, baina atzo goizean EAJk
mozio alternatiboa aurkeztu zuen, eta testu horri eutsi zion plenoan, etxe kaleratzeen kontrako taldeak aurkeztutakoaren aurka bozkatuz.
Txomin Sagarzazu alkateak berak izan zuen testu berria aurkeztearen arrazoiak azaltzeko ardura “Badira puntu batzuk betetzeko zailak eta beste batzuk ezinezkoak”. Oposizioan harridura eta haserrea eragin zuen jeltzaleen mozio alternatiboak. Bata bestearen atzetik, oposizioko lau alderdietako bozemaileek hasierako akordioa berretsi zuten eta gobernuari testu berria erretiratzeko eskatu zioten.
Abotsanitzeko Ortzi Alonsoren esanetan Kaleratzeak STOP-en mozioko puntuak nahikoak ziren bere horretan babesteko, “konpromisoa, babesa eta inplikazioa eskatzen zaio udalari, eta mozio alternatiboak, aldiz, inbentario bat egitea baino ez”. Alonsok ausardia galdegin zion EAJri, “alderdikeriarik gabe, pertsonak babestu behar ditu udalak”. Duela bi hamarkada ere Hondarribiko Udalak legea hautsi zuela gogora ekarri zuen Abotsanitzeko kideak: “Udalerri intsumitu deklaratu zen Hondarribia, legearen ñabardura batzuk hautsiz. Kaleratzeen kontrako borroka eredugarria da eta ausardia behar da, borondate politikoa agertzea”.
EH Bilduko Lore Erriondok gogorarazi zuen EAJk ere onartu zuela mozioa Kaleratzeak STOP taldearekin alderdi guztiek izandako bileran, eta gehingo absolutuaren erabilera maltzurra egitea leporatu zion gobernuari: “Gauza bat da nagusi izatea eta beste bat nagusikeriaz jokatzea”. Erriondok etxe kaleratzeen gaian udalak gehiago egin behar duela adierazi zuen atzoko plenoan: “inplikazioa eskatzen da, eta EAJren mozioa intentzio deklarazioa da, Espainiako Gobernuari, Jaurlaritzari, banketxeei, denei eskatzen die, baina ez du konpromisorik hartzen”.
Zinegotzi sozialistak ere ez zuen “mozioa aldatzeko inolako arrazoirik” ikusi, “krisiak eragindako egoera erreala” azaleratzen duelako. Halako egoeretan, “soluzio erradikalak dira eraginkorrak direnak”, esan zuen Josu Alvarezek.
Joxemi Otxoteko ordezkari popularrarentzat, Kaleratzeak STOP taldeak Gipuzkoako udalerrietan aurkezten ari dena “arrazoizko ikuspegia da”, eta jeltzaleek kontra mintzatu zen, zerbait aldatu aurretik lehenago biltzeko ez eskatzeagatik: “Konpromisoa hartu genuen, ezin dut beste testu baten alde egon. Denborarik ez dugu izan testua aztertzeko, baina hiru egun lehenago aurkeztuta gauza bera esango nizun [alkateari], lehenago denak berriro elkartu ezean”.
Hamabost minutuko geldialdia
Akordiora iritsi ezinda, Sagarzazuk geldialdia egiteko eskatu zuen, bozemailak elkartu ahal izateko. Hamabost minutu inguruz egon ziren bilduta, baina itzuli zirenean argi geratu zen bezala, jarrerak gerturatzeko modurik ez zuten eduki. Etxe kaleratzeen kontrako taldeko kide bat egon haiekin, eta euren mozioa aldatzeko aukerarik ez zegoela argitu zien, Gipuzkoako udalerri guztietan mozio bera aurkezten ari zirelako.
Hala, eztabaidaren ondoren bi mozioak bozkatzeko unea iritsi zen. Aurrena Kaleratzeak STOP plataformak aurkeztutako mozioa bozkatu zuten. Alde, oposizio osoa (Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP), eta kontra, EAJ. Ondoren udal gobernuak aukeztutako testua bozkatu zuten, eta alderantzizkoa gertatu zen: EAJko zinegotziek aldeko botoa eman zuten, eta oposizioko guztiek kontrakoa. Hala, EAJk gehiengo absolutua baliatu zuen bere mozioa onartzeko.
Bigarren mozio bat ere aurkeztu zuen plataformak,
mailegu emaile pribatuen kontrako adierazpena egiten zuena. Hori bai onartu zuten, ahobatez.