Joseba Ponce, beste rockero bat itzuli da
JP Lohian & Klonen Klana proiektuarekin itzuli da Joseba Ponce musikari hondarribiarra. Idatzi, abestu, tresna guztiak jo, diseinatu... ia dena egin du Poncek.
JP Lohian & Klonen Klana proiektuarekin itzuli da Joseba Ponce musikari hondarribiarra (DUT, Kuraia, Lisabö). Zalantzarik gabe, musika arloan egin duen lanik pertsonalena dela esan daiteke, berak egin baitu ia dena: kantuak sortu eta abestu, musika tresna guztiak jo ditu (gitarra, baxua, bateria, teklatuak eta sintetizadoreak), diseinua ere berea da, eta Alperrik da apaintzea aurrerapen kantuaren animaziozko bideoklipa (behean ikus daiteke) ere, Ponceren beraren sorkuntza da.
Astelehenean argitaratuko du hondarribiarrak JP Lohian & Klonen Klana proiektuko lehen harribitxia. Denda gutxi batzuetan eskuratzeko aukera izango da, baita Interneten plataforma ezagunenetan (iTunes, Spotify…) eta bandcampean.
Badok euskal musikaren atarian egin dioten elkarrizketan onartzen duenez, prozesua gogorra egin zaio, baina gustura geratu da azken emaitzarekin: “Gogorra izan da. Baita luzea ere. Batzuetan dena pikutara bidali dut. Baina azkenean kontent geratu naiz. Disfrutatu egin dut lana egiten. Badira gauza pilo bat sartu ez ditudanak, baina…”.

