Gehiengo sindikalak deituta, ordu erdiko elkarretaratzea egin dute eguerdian arrantzaleen kofradian, Ezeizaren heriotza salatzeko.
Hondarribiko Udalak atsekabea adierazi du herenegun Jorge Ezeiza
Attitta arrantzalearen heriotzagatik. Herenegun hil zen Ezeiza herritik 40 itsas miliara lanean ari zela, sarearekin trabatu eta itsasora erorita. Udalak doluminak eman dizkie arrantzalearen familiari eta gertukoei, eta “gizarte osoari” deia luzatu dio, “guztion artean lan istripuak deuseztatzeko”.
Hala dio, hitzez hitz, udalean ordezkaritza duten alderdi guztien sinadura daraman testuak.
“Hondarribiko Udala atsekabetuta dago Jorge Ezeiza Chapela arrantzalearen heriotzagatik, eta familia, adiskide, lankide eta itsas mundu osoari doluminak ematen dizkie. Gizarte osoari egiten diogu dei, bai enpresa munduari eta bai langileei, guztion artean lan istripuak deuseztatzeko, eta hartarako laneko osasun eta segurtasun kanpainak egin eta lan arriskuak prebenitzeko arauak bete daitezen”.
Elkarretaratzea kofradian
Gehiengo sindikalak deituta, ordu erdiko elkarretaratzea egin dute eguerdian arrantzaleen kofradian, Ezeizaren heriotza salatzeko. Hainbat sindikatuetako ordezkariak izan dira bertan, baita Abotsanitz eta EH Bilduko zinegotziak ere.
Hondarribiarrarekin, 42 langile hil dira Euskal Herrian 2015ean, lanean ari zirela. Aurten hil den herriko bigarren arrantzalea da, martxoan Jose Luis Lazkanotegi zendu baitzen, Senegalen arrantzan ari zela, barkuan erori eta buruan kolpe txar bat hartu eta gero.