Aurten ere bero-bero dator negua
Azarorako eta abendurako antolatu dituzte euskarazko Neguko Jardunaldiak, publiko guztientzat.
Euskararen erabilpena handitzea helburu, itzuli dira Neguko Jardunaldiak Hondarribira. Udaleko Euskara departamentuak antolatzen ditu Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan, eta atzo aurkeztu zituen Arantxa Berrotaran arloko zinegotziak. Bihar bukatuko da jardunaldien barruan kokatzen diren literatur eta txiste grafikoen lehiaketetan lanak aurkezteko epea, eta izan da ipuin kontalariren bat edo beste, baina publikoari zuzendutako ekitaldi gehienak azarorako eta abendurako gorde dituzte. Berrotaranen esanetan, publiko oso zabalari zuzendutako ekitaldi sorta biltzen ditu programak: “Helburu nagusia hondarribiarrek aisialdian euskara erabiltzea da. Hartzaile bezala, haurrak, haur eta gazte, helduak, euskaraz egiteko jarioa dutenak, euskaraz ikasten ari direnak… hau da, hartzaileak era askotakoak dira”. Egitarauan klasiko bilakatu diren batzuk aurki daitezke, hala nola, literatur lehiaketak, txiste grafikoena eta bertara aurkeztutako lanen erakusketa, Itsas Lur elkartearen bertso afaria, edota abendua hasierako zubian egiten den liburu eta disko azoka. Berrikuntzarik ere bada, handiena akaso Mintzodromoari dagokionez. Izan ere, Mintzalaguna proiektuaren ekitaldi bereziak Itsas Etxea lehen aldiz hartuko du. Abenduaren 3an izango da hori.