SHUA deritzon gaixotasun arraroa ikertzeko dirua bilduko dute igandean Hondarribiko kirol kaitik abiatuta egingo den II Beñat Elzo Mendi Lasterketan.
Silanes, Mikel Gartzia (Biosnar) eta Xabi Tome, aurkezpenean
SHUA deritzon gaixotasun arraroa ikertzeko dirua bilduko dute igandean Hondarribiko kirol kaitik abiatuta egingo den II Beñat Elzo Mendi Lasterketan.
Biosnar Triatloi Klubak antolatzen du eta iaz 11.532 euro bildu zituzten Sanfilippo gaitzaren ikerketarako. Aurten
Jara Tome haur irundarrak duen gaixotasunaren ikerketan laguntzea da helburu.
Atzo egin zuten aurkezpena udaletxean, eta bertan, Kalixa Silanes Kirol zinegotziak probaren asmo bikoitza nabarmendu zuen: “Lasterketa hau
Beñat gogoan izateko modu hobezina da, eta bestetik, oso garrantzitsua da lasterketak duen izaera solidarioa, Jara Tomek daukan gaixotasun larrian ahalik eta gehien lagundu dezagun guztion artean”.
Aurtengo berrikuntza nagusia oinezko ibilaldia izango da, 09:00etatik aurrera lasterketaren ibilbide bera egingo duena (10.750 metro). Parte hartu nahi duenak 10 euro ordaindu behar ditu; Kofradiaren dendan eman daiteke izena aldez aurretik, edo igandean kirol kaian. Bertan ere izena eman daiteke
familien lasterketarako. Mendi lasterketan parte hartu nahi dutenek, aldiz,
Kirolprobak webgunean egin behar dute.
Iazko familien probako une bat
Ordutegiak
- 09:00 Oinezko martxa. 10,7 kilometro.
- 11:00 Mendi lasterketa. 10,7 kilometro.
- 12:30 Familien lasterketa. 1,5 kilometro.
SHUA duen haur irundarraren aita ere izan zen II Beñat Elzo Mendi Lasterketaren aurkezpenean, eta antolatzaile lanetan jardun duten Biosnar klubeko kideei eskerrak eman zien beraiekin gogoratzeagatik. “Oso ekitaldi polita izango da, eta jendea parte hartzera animatu nahi dut. Nire alabak eta beste hainbat gaixok pairatzen duten gaixotasun itzel hau ikertzeko ahalik eta diru gehiena lortzeko balio dezala”, adierazi zuen Tomek.