Bidasoaldeko Lagunak-ek Behobia-Osinbiribileko bidegorriaren proiektuan terminoak nahastu dituela iritzi dio Cristina Labordak.
Cristina Laborda prentsaurreko batean
Udalak Behobia eta Osinbiribil batuko dituen bidegorriaren proposamena ingurumenarekiko errespetugarriena dela iritzi dio Cristina Laborda Herri Lan ordezkariak. Zentzu horretan, Bidasoaldeko Lagunak-ek egindako salaketa medio, kolektibo horrek terminoak nahastu egin dituela iritzi dio Labordak.
“Inolaz ere, eta inongo fasetan ere ez daukagu aurreikusita ibaiaren ibilgua ukitzea”, argitu du Herri Lan ordezkariak. Oraingoz, proiektuaren lehen fasea bakarrik dagoela onetsita gaineratu du, Faisaien Irla pare-paretik doan bide zatian: “Hegal bat da, eta ez du ukitzen ibaiaren ibilgua, eta proiektu horretarako administrazio eskudunak oniritzia emateko zain gaude”. Aukera hori ez dela inbasiboa “bistakoa” dela esan du, “zeharo errespetatzen du ibaia, ez baitu ukitzen”.
Bigarren fasera begira, “oraindik behin betiko onespenik ez duena”, Kosten zuzendaritzaren baimena lortzeko zenbait azterketa egin direla azaldu du Labordak, egokiena eta errespetuzkoena den aukera aztertzeko: “Hegala mantentzeko aukera defendatu da, eta hori da proiektua onesterakoan ere defendatuko dena”.