Bidasoaldeko Lagunen arabera, bidegorriaren zati bat Bidasoa ibaiaren ibilguan finkatuko da, hain zuzen, Txingudiko Natura 2000 Sarearen Babesgune Berezian.
Azken Portu-Erribera. Inguru horretan eraiki nahi du udalak Behobia eta Osinbiribil elkartuko dituen bidegorria.
Behobia eta Osinbiribil lotuko dituen pasabidea eta bidegorri proiektua defendatu zuen udalak joan den astean Madrilen. Izan ere, Kosten sailaren oniritzia behar du proiektua aurrera ateratzeko. Bidasoaldeko Lagunak mugimendua proiektuaren kontra azaldu da.
Bidasoaldeko Lagunen arabera, bidegorriaren zati bat Bidasoa ibaiaren ibilguan finkatuko da, hain zuzen, Txingudiko Natura 2000 Sarearen Babesgune Berezian. “Gogorarazi behar da babesgune horietan egiten den edozein jarduera bakarrik izendatutako gunearen balioak biziberritzera bideratuta egon behar dutela. Gune hori urbanizatzea kontrako norabidean doa”.
Hain zuzen, gune hori biziberritu behar dela dioten txostenak daudela jakinarazi du Bidasoaldeko Lagunak-ek, “ibaiko habitatak garatu ahal izateko”. Ibaian egindako kaltea txikitzat jotzea “akatsa” dela esan du, eta Ura agentzia bera proiektuaren kontra mintzatu dela. Uraren arabera, korronteak eta erriberaren morfologia eralda ditzake, eta Natura 2000 Sarearen barruan kokatua dagoela gogorarazi du.
“Hori gutxi balitz, aldundiaren Bizikleta Bideen Lurralde Planak bidegorria beste bide batetik joatea proposatu du”, gaineratu du.
Horregatik, udalari beste bide bat aztertzeko eskatu diote.