Elkarte gastronomikoetan bakailaoaren erabilera sustatze aldera, arrain horren inguruko dohaineko jardunaldiak antolatu ditu Bakailaoa Dastatu elkarteak.
Hondarribiko Klink elkarte gastronomikoan egin dute aurkezpena
Elkarte gastronomikoetan bakailaoaren erabilera sustatze aldera, arrain horren inguruko dohaineko jardunaldiak antolatu dituzte Irunen eta Hondarribian. Bidasoko bakailao enpresen Bakailaoa Dastatu elkartea dago egitasmoaren atzean, eta hainbat elkarte gastronomiko eta sukaldariren laguntza izango du.
Elkarte horietako bat da Hondarribiko Klink, eta bertan egin da aurkezpena gaur goizean. Sonia Garcia Olazabak egitasmoaren koordinatzailea, Luis Angel Tojal Bakailaoa Dastatu elkarteko kidea, Gorka Irisarri danontzat Gastrotekako sukaldaria eta Inaxio Nogueras Klinkeko presidentea izan dira agerraldian.
Hiru tailer egingo dituzte, beste hainbeste elkarteetan, eta nahi duenak izena eman dezake. Jardunaldiekin, “bakailaoaren kontsumoa indartu nahi dugu eta sukaldaritzako ardura duten pertsona guztiei zuzenduta daude”, azaldu du Garcia Olazabalek. Hala, izena ematen dutenek, sukaldari profesionalen ondoan lan egiteko aukera izango dute, galderak egin, trukuak ezagutu, eta abar. “Oso didaktikoak izango dira, parte hartzaileak sukaldean egongo direlako uneoro, sukaldariaren lana ikusiaz”, erantsi du tailerren koordinatzaileak.
Tailer bakoitzaren bukaeran, prestatutakoa dastatuko dute, jardunaldien babesle den Rueda Jatorrizko Izendapeneko ardo zuriekin bustita.
Klinken, sukaldaritza kreatiboa
Lehen jardunaldia Klink elkartean bertan egingo dute. Elkarteko presidentearen hitzetan, “ezagunak egin gara azken urteetan alderdi solidarioa landu dugulako, baina ez dugu ahaztu behar alderdi gastronomikoa, Klink elkarte gastronomiko bat delako. Kasu honetan, alderdi gastronomikoa elkartzen dugu profesionalek erakutsiko diguten jardunaldi dinamiko batekin”. Gorka Irisarrik eskainiko du Klinkeko tailerra, astelehen arratsaldean (hilak 26).
Tailerretan bakailaoa prestatzeko bi modu landuko dira, betiko sukaldaritzaren nahiz garaikide edo kreatiboaren ikuspegitik. Irisarriren ustez, bakailaoak aukera handiak ematen ditu: “Asko jokatu daiteke produktu honekin, euskal sukaldaritzan oso barneratuta dagoen osagarria da, bikaina, eta formatu desberdinekin jokatzeko aukera ematen duena”.
Sukaldaritza kreatiboa jorratuko du Irisarrik astelehenean, eta platerak nahiz pintxoak prestatuko ditu, bost plater, “tradizionalak baina sorkuntza ukitu batekin”, eta hamar pintxo desberdin. “Horrekin zera erakutsi nahi dugu, lehen mailako produktu bat erabiliz, aukera ugari eskaini dakiekeela mahaikideei”, adierazi du Irisarrik.
Bakailaoari buruzko jardunaldiak
Hilak 26, Klink elkartean (Hondarribia)
- Sukaldaritza kreatiboa, Gorka Irisarri sukaldariarekin (Danontzat gastroteka).
Azaroak 4, Irungo Atsegiña elkartean (Irun)
- Oinarrizko sukaldaritza, Txemi Artola sukaldariarekin (Amona Kattalin Txoko).
Azaroak 18, La Salleko ikasle ohien elkartean (Irun)
- Sukaldaritza tradizionala, Alberto Liebana sukaldariarekin (Zura).
Hirurak ordutegi bera izango dute, 18:00etatik 19:30era.