Aste honetan abiatu da Hondarribiko Ikas Jolas programaren bederatzigarren urtea. Herriko hiru ikastetxeetako haurrek elkarrekin etxeko lanak egiteko eta lagun berriak ezagutzeko aukera izaten dute.
(Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda)
Ikasi eta jolastu. Haur bati bizitzaren ordu asko joaten zaizkio horrela. Eskolan, ikasi eta jolastu, eskolatik kanpo, lagunekin jolastu, eta etxean ikasi. Zerbait desberdina egitearren, Hondarribian badute alternatiba bat, Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako Ikas Jolas programa. Izenari erreparatuz, ez dirudi ezer berririk, baina bada.
Hondarribiko Udaleko Gazteria Departamenduko Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak antolatzen du Ikas Jolas, eta egitasmoaren berritasunik handiena da herriko hiru ikastetxeetako haurrak elkartzen dituela, Talaia eskola publikokoak, nahiz pribatuetakoak, Ama Guadalupekoa eta San Josekoak. Hezitzaileen laguntzaz, haurrek etxeko lanak elkarrekin egiten dituzte, eta ondoren, dibertitzeko unea izaten da.
Aste honetan abiatu dute aurtengo Ikas Jolas programa. Mendelun hasi ziren egiten duela bederatzi urte, eta arrakasta ikusita, iaz Soroetara zabaldu zuten. Izenak berak azaltzen duen bezala, programak bi funtzio betetzen dituen topagunea da. “Batetik, haurrak eskolako lanak burutzeko prestatuta dagoen ikasgela eta bestetik, aisialdirako bakarrik erabiliko den esparru bat, jolasteko eta kirola egiteko esperientziak eta tailerrak eskainiz, ondo pasatzeko eta entretenitzeko helburuarekin”, azaldu du udal zerbitzuak. Doan da Ikas Jolas, eta izena ematea besterik ez da behar izaten parte hartzeko. Informazio gehiago behar duenak, edo haurrak bertan apuntatu nahi dituenak, 943 11 40 00 telefono zenbakira deitu behar du.
Bi egunetan eta bi lekutan gauzatzen da Ikas Jolas. Astelehenetan, Soroetako eskolan egiten dute, eta 4., 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzenduta dago. Asteartetan, berriz, Mendeluko Eguzki auzo elkartean, Lehen Hezkuntza osoari zabaltzen zaio programa, 5 eta 12 urte bitarteko haurrei. Jon Diez udal zerbitzuko hezkuntza sozialeko arduradun eta Ikas Jolaseko hezitzaileetako bat da, eta programak arrakasta izan duela aitortu du: “Gaur [asteartea, lehen eguna Mendelun] 25 inguruk eman dute izena, eta oraindik etorriko dira gehiago”.
Donostiarra den arren, aurten hemezortzi urte bete ditu Hondarribian kale hezitzaile bezala lanean, eta Ikas Jolas egitasmoa hasieratik ezagutzen du. Azaltzen duenez, kale heziketa ekintza gehienetan urruti geratzen zen Mendelu —Irunekin mugan dagoen auzoa da—, eta horregatik erabaki zen programa hau bertan ezartzea. Hala, Soroetara hurbiltzen diren haur asko Mendelura bideratzen dituzte.
Helburua, lagun kuadrilla berria osatzea da, integrazioa helburu, eta horretan haurrek beraiek laguntzen dute Diezen arabera: “Programa urtero irekitzen denez, jende berria sartzen da, eta esperientzia dutenekin saiatzen gara integrazioa egiten berriei begira”.
Astelehenean hasi zen Ikas Jolas Soroetan, eta asteartean (irudikoa) Mendelun
Hasteko, merienda
Ikasi eta jolastu egiten dute haurrek Ikas Jolasen, baina hori bakarrik ez, jan ere egiten dute, meriendatu. “Egunero egiten dugun lehen gauza da elkar agurtu, eta ondoren meriendatu, merienda osasungarri bat egiten dugu, beraiek ekarrita”.
Bigarren jarduera ikastea da, etxeko lanak egitea. Bakoitzak bereak egiten ditu, baina normala da haurrak elkarri laguntzen ikustea. Eta azken zatia dibertitzeko uzten dute, jolasteko. Askotariko aukera duten arren, jokoak, kirolgunea…, tailerrek dute arrakasta gehiena. “Hilabetean behin ekintza potente bat egiten dugu”, azaldu du hezitzaile donostiarrak: “Sukaldaritzak oso ondo funtzionatzen du, lehengo urtean pizza tailerra egin genuen, postreak egin izan ditugu… Orain bi urte lau hilabete ibili ginen antzerki obra bat prestatzen; ikaragarria izan zen. Jendearen, martxaren, gustuen eta motibazioaren arabera, erabakitzen dugu zer egin”.
Hiru kale hezitzaile ari dira Ikas Jolas programan lanean, baina boluntarioen laguntza ere badute, “lauzpabostena”. Horietako batzuk esperientzia bila joaten dira, “haurrekin zerikusia duen formakuntzan ari direnak, eta esperientzia puntu bat lortu nahi dutenak”. Baina haurrak ere ibiltzen dira boluntario, urte gehien daramatenak, berriei edo txikiei laguntzen: “Beste haurrentzat zerbait egitea oso onuragarria da, eta horrela ikusten dute beraiek”, erantsi du.
Are gehiago, adinagatik programa uzten duten haurretako batzuek laguntza ematera joaten zaizkie. Kale hezitzaileek bereziki nerabeekin lan egiten duten arren, haurretan horrelako jarrerak asko baloratzen ditu Diezek: “Hainbeste urte haurrekin lan egin eta gero, politena hori iruditzen zait, haur izandako bat, ekintza guztietan parte hartu izan duena, besteentzat gauzak egiten ikustea. Prebentzio aldetik, eta alderdi komunitarioa sustatzeko, hori da gauza positiboena”.
Ikasi, jolastu, jan eta lo egiten joaten da haurtzaroa. Giroa egokia bada, hori baino askoz gehiago ez du haur batek behar. Eta hori da Hondarribiko Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuaren Ikas Jolas programak izena ematen duten haurrei eskaintzen diena, etxeko lanak egin, lagun berriak ezagutu, eta modu osasuntsuan elikatzen ikasteko aukera eman. Hori bai, lo, bakoitzak bere etxean egin behar du, amets politak edukita bada, hobe.