Josune Gomez Gazteria ordezkariak aurreratu du aurrekontuen zati bat bideratu dutela dagoeneko aterpetxerako.
Martindozenea aterpetxea
EH Bilduk Martindozenea aterpetxeko egoera salatu ondoren, Josune Gomez Gazteria ordezkariak erantzun dio datorren urteko lehen seihilekoan daukala udalak berriro irekitzeko asmoa. Horretarako aurrekontuen zati bat bideratu dutela berretsi du. Horrez gain, aterpetxearen egonkortasuna lortu ahal izateko formula ekonomiko berriak pentsatzen ari direla jakinarazi du.
Gomez arabera, udalaren aterpetxea kudeatzen duen azpikontratatutako enpresaren kontratua urriaren 5ean bukatzen zen. Gazteria ordezkariaren iritziz, langile horien ardura, orain, “azpikontratatutako enpresarena da eta ez udalarena. Guk bueltatzea nahi dugu, baina horretarako enpresak berriro lehiaketara aurkeztu behar du, eta esleipena lortu”.
Gomezek deitoratu du EH Bilduk zalantzan jartzea “hasiera-hasieratik eskainitako konfiantza eta gardentasuna”. Hain zuzen, irailaren 21ean egin zuten bilera Gomez eta Gazteria teknikariak EH Bilduko udal taldearekin, eta bilera horretan datu guztien berri eman zietela esan du.
Horrez gain, Jose Antonio Santano alkateak telefonoz sindikatuekin hitz egin duela gaineratu du, eta irailaren 29an bilera bat egin zutela egoera jakinarazteko.
Azkenik Gomez bera kontu hartzailearekin elkartu dela azaldu du, lizitazio eta kontratu berriaren gainean hitz egiteko.