Udalaren partaidetzazko aurrekontuen bilera izango da bihar, Ospitale Zaharrean. Hiru proposamen aurkeztuko dituzte Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak.
Ama Xantalen kultur espazio bat bihurtzea proposatuko du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak
Azken aurreko bilera izango dute bihar, udalaren partaidetzazko aurrekontuek. Oraingoan, Ospitale Zaharrean izango da, 19:00etan.
Ez dute hutsik egingo Alde Zaharra-San Juango bizilagunek. Hain zuzen, eskuartean hiru proposamen dituztela joango dira. Batetik, oinezkoentzako eta bide bat egitea, zehazki, Larretxipi eta Prudencia Arbide kaleen artean dagoen malda saihesteko. Modu horretara, Alde Zaharrari bizitza emango zaiola uste du auzo elkarteak. Proiektu horrek 400.000 euroko kostua izango luke.
Bestetik, ostalariak kontzientziatzeko kanpaina bat martxan jartzea eta zaraten mapa egitea proposatu du auzo elkarteak. Izan ere, Alde Zaharreko jarduera ekonomiko garrantzitsuena da ostalaritza, baina baita arazo gehien sortzen dituena ere. Horregatik, tabernetan ibiltzen den jendea sortzen dituen eragozpenen inguruan kontzientziatzea nahi dute kartel, iragarki, eslogan eta antzekoen bidez. Kanpaina horrek 50.000 euroko aurrekontua izango luke.
Azkenik, Ama Xantalen ermitari bizitza eman nahi dio auzo elkarteak. Izan ere, erromatar nekropolia aurkitu zuten bertan. Hala, nekropoli hori estaltzea proposatu du, baina elementu garden batekin nekropolia ikusi ahal izateko. Hori estalita, ermitan ekintza kulturalak egin ahal izango direla iritzi dio, eta horiek bultzatu nahi ditu auzo elkarteak. Horretara, 100.000 euro bideratuko dituzte.