Tomas Etxera taldeak autobus bidaia antolatu du Friburgora
Alemanian Tomas Elgorriaga presoaren alde egiten ari diren lana eskertu nahi du Hondarribiko Tomas Etxera elkartasun taldeak. Alemaniako epaileak edozein unetan erabaki dezake Frantziako euroagindua onartu ala ez.
Hondarribiko Tomas Etxera taldeak Alemaniara bidaia antolatu du azaroaren erdialderako, Tomas Elgorriaga preso hondarribiarraren alde Friburgoko elkartasun taldeak egiten ari diren lana eskertzeko. Azaroaren 13an (ostirala) abiatuko dira, eta igande eguerdirako itzuli. Dagoeneko izena eman daiteke joateko. Elgorriagaren auzia daraman Alemaniako epailea Frantziak igorritako euro agindua ari da aztertzen, eta hondarribiarraren abokatuen arabera, erabakia une batetik bestera har dezakete. Horregatik, “bere egoera salatu eta askatasuna eskatzeko, eta baita Friburgon Tomasen alde egiten ari direna eskertzeko ere”, autobus bidaia antolatu dute. Ostiralean abiatuko dira Hondarribitik, oraindik zehaztu gabeko orduan. Larunbatean, Friburgoko Euskal Herriarekiko elkartasun taldeekin elkartzeko asmoa dute, eta Elgorriagaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin. Ondoren, herri bazkaria, Hondarribitik eramandako produktuekin, sagardoa eta guzti. Etxera itzuli aurretik, triki-poteoa egingo dute Friburgoko kaleetan, eta hango garagardotegi batean afaldu. Bueltako bidaia gauez egingo dute, igande eguerdian Hondarribian egoteko moduan. Prezio bereziak Friburgora autobusean joateko prezioa 80 eurokoa izango da, baina “gazte, langabetu edota diru arazoak dutenentzat” prezio berezia jarriko dutela jakinarazi dute, “ez dadin inor geratu etxean arazo ekonomikoak direla eta”. Tomas Etxera taldetik ohartarazi dute inportantea dela ahalik eta azkarren izena ematea, “gauzak denboraz eta ondo lotu behar ditugulako. Bidaia nahiko luzea izango denez, autobus erosoa bilatzen ari gara”. Interesa dutenek Muara elkartean eman dezakete izena, edo