Lidia Yarza, Oier Goikoetxea eta Maialen Ramos euren pisuetako rankineko lehen postuan daudela itzuli dira Alacantetik.
Alacantera bidaiatu duen Ama taldeko ordezkaritza
Ama Guadalupekoa Judo taldeko ordezkaritza bat San Vicente de Raspeig herrian (Alacant, Herrialde Katalanak) lehiatu da asteburuan, Gazteen Espainiako Super Kopan. Orotara, sei kirolarik bidaiatu zuten Alacantera, Ronaldo Veitia entrenatzailearekin. Maila handia eman zuten hondarribiarrek, urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina bana lortuz.
Lidia Yarzak (+78 kilo) urrea lortu zuen, eta rankineko lehen postua sendotu. Nagusitasun handia erakutsi zuen Yarzak, borroka guztietan erasora joaz.
Rankineko lehen postuan jarraituko duen beste kirolaria Oier Goikoetxea da (-60), Alacanten bigarren geratu eta gero; kontuan izan behar da hiru astez entrenatu gabe egon dela Goikoetxea, belaunean zaintiratua zuelako.
Eta Maialen Ramosek brontzezkoa jantzi zuen -63 kiloetan. Lehen urtea du 21 urtez azpikoetan, eta duela bi urteko lesio larria ahaztuta, konfiantza handiarekin ari da bera baino nagusiagoen kontra lehiatzen. Hala, Super Kopako hirugarren postua lortu ondoren, bere pisuko rankineko lehen postuan berdinduta dago Robles andaluziarrarekin, hain zuzen ere asteburuan menderatu zuen judokarekin.
Yarza, Goikoetxea eta Ramosekin batera, Iker Otegi (-66), Antxon Lekaroz (-66) eta Aritz Garcia (-73) dira San Vicente de Raspeigeko Espainiako gazteen Super Kopan lehiatu diren Ama Guadalupekoa Judo taldeko kirolariak.