Soroetan astelehenetan egingo dute Ikas Jolas, eta Mendelun asteartetan. Bertan etxeko lanak egiteko eta ondo pasatzeko aukera izango da.
Eskolako lanak egiteko beharreko guztia eskaintzen du Ikas Jolasek
Astelehenean abiatuko dute Ikas Jolas, Gazteria Departamenduko Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuaren hezkuntza eta aisialdi programa. Ikas Jolasen helburua bikoitza da. Batetik, eskolako lanak egiteko aukera ematen dute, egoitzetako eremu bat horretarako prestatuz. Eta bestetik, “ondo pasatzeko eta entretenitzeko” antolatzen dute beste gune bat, jolasteko, kirola egiteko, tailerretarako…
Soroetan astelehenetan emango dute zerbitzua, 16:45etik 19:30era Soroetako eskolan (Helduen Hezkuntza zentroa). Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek har dezakete parte. Heldu den astelehenean (hilak 19) hasiko da programa.
Mendelun, asteartetan egingo dute
Mendelun, berriz, asteartetan egingo dute Ikas Jolas, ordu berean, Eguzki elkartearen lokalean. 5 eta 12 urte bitartekoei dago zuzenduta. Mendelun ere hurrengo astean hasiko dira (hilak 20).
Izena emateko ez da gauza handirik behar. Egoitzetara joan eta bertan apuntatu, besterik gabe. Informazio gehiago behar duenak, Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuan eskatu dezake, 943 11 40 00 telefono zenbakian.