Herritarren parte hartzea sustatzeko bide guztiak ireki behar direla iritzi dio Si Se Puede Irunek, eta lau neurri proposatu ditu
Si Se Puede Irun, aurrekontu parte hartzaileen gainean.
Udalaren partaidetzazko aurrekontuen harira, herritarren parte hartzea sustatzeko bide guztiak ireki behar direla iritzi dio Si Se Puede Irunek, eta “ez bakarrik mugatu modu paternalista batean udalak zaintzen duen prozesu batera”.
Partaidetzazko aurrekontuen prozesua kritikatzetik harago joan da Si Se Puede Irun, eta udala datorren urtera begira antolatzen ari den partaidetza ordenantzaren eztabaida eta garapenean herritarren iritziak kontuan hartzeko eskatu du.
Bestetik, lotesleak diren herri galdeketak egitea proposatu du inbertsio handiak edo azpi kontratazio garrantzitsuak egiten direnean. Horrez gain, Herritarren Parte Hartzeko Behatokia sortzea herriko elkarte eta mugimenduek erabakiak har ditzaten. Azkenik, Herritarren Udal Iniziatibak martxan jartzea, sinadurak bilduta herritarrek euren borondatea adierazteko aukera izan dezaten.
“Kexatzeko arrazoi asko”
Oro har, parte hartze aurrekontuetan “kexatzeko arrazoi asko” daudela esan du Si Se Puede Irunek: aurrez aurreko eztabaida gutxiago egotea, prozesua ez arautua egotea, herritarrek edo udal taldeek prozesuan parte ez hartze, onartutako proposamenak exekutatzeko kontrol eza…