Pasaiako Portu Agintaritzak 31.380 euro inbertituko ditu Higer farola lehengoratzeko.
Dorrean eta barruko eskaileran egingo dituzte lanak
Higer farola zaharberrituko dute.
Pasaiako Portu Agintaritzak du Hondarribiko itsasargiaren kudeaketaren ardura, eta 31.380 euro inbertituko ditu azpiegiturari jatorrizko itxura itzultzeko. Dagoeneko hasi dira aldamioak jartzen eta ondoren, dorrearen fatxada eta barruko eskailerak berrituko dituzte. “Itsasargiek ogasun industrial bezala duten garrantzia mantentzeko premisarekin, Portu Agintaritzak 24 mailak banaka desmuntatu, garbitu eta berriz pintatzeko asmoa du, ondoren, berriz ere bere jatorrian kokatuak izan daitezen”, azaldu du Portu Agintaritzak.
Egiten hasi diren lanek itsasargiaren estilo neoklasikoa zainduko dute, hau da, 1881 urtean eraiki zuten bezala mantentzea da helburu. “Era berean, fatxadaren harlanduzko lanak egiten hasiko dira bere jatorrizko geometria berreskuratuz, baita erdiko horma-ataletan mortero berri bat egiten ere, ondoren itsas seinaleen kolore zuri bereizgarriz pintatzeko”, azaldu du portuak.
Lanak burutzeko lau hilabete beharko dituztela uste dute.