Industria guneko trafikoa "nahasia" eta Txiplaoko zebra-bidea arriskutsua direla uste dute.
Zebra-bidea puntu iluna dela uste dute
Hondarribiko Abotsanitz alderdiak Txiplaoko zebra-bidearen segurtasuna hobetzeko eta industria gunea berrantolatzeko neurriak eskatu dizkio udal gobernuari. Oinezkoek zein txirrindulariek errepidea zeharkatzeko erabili beharreko gunea “puntu iluna” dela deritzo oposizioko lehen taldeak, eta industria guneko trafikoa “nahasia”.
Alkateari zuzenduriko idatziaren bitartez, Txiplao inguruko segurtasuna hobetzeko neurri gehiago eskatu ditu Abotsanitzek: “Jarri diren segurtasun neurriak ez dira nahikoak. Nahiz eta istripurik ez den izan, behin baino gehiagotan Txiplaoko zebra-bidea gurutzatzen duen oinezkoaren eta biribilgunetik irteten den autoen arteko ezustekoak izan dira, oinezkoa babesik gabe utziz”.
Hala, dauden seinaleak baino lehenago beste seinale bat, argiztapena duten seinaleak edota “eskuko semaforo bat” ezartzea proposatu dute, bidegorriak zeharkatzen dituen beste zebra bideetan daudenak bezalakoak.
Txiplao hobetu
Abotsanitzek gogorarazi duenez, “industria gunetik irteten diren autoek ere zebra bide bera zeharkatzen dute. Horri lotuta, industria gunea bera berrantolatzea eskatu dute, “bertaratzen diren oinezkoen eta autoen nahasketa” dagoelako. Abotsanitzen ustez, “segurtasuna kolokan” dago, erabilera eremuak zehaztu gabe daudelako.