Alaia Martin, Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Manu Goiogana eta Ander Lizarralde Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan izango dira.
Ander Lizarralde eta Xamoa, Azpeitiko final zortzirenetan. (Argazkia: bertsozale.eus)
Oarso Bidasoko bost bertsolarik lortu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetarako txartela: Alaia Martin, Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Manu Goiogana eta Ander Lizarralde.
Dagoeneko sailkatuta zeuden Alaia Martin eta Jon Martin (aurreko bertsolari txapelketan lortutako postuarengatik), eta Xamoa eta Goiogona final zortzirenetako saioak irabazteagatik. Puntuazioan ere aurrera egin du Lizarraldek.
Final-laurdenetatik kanpo geratu dena Haritz Casabal izan da. Larunbatean Arrasaten jokatutako final zortzirenetako saioan laugarren geratu zen 412 punturekin, eta horiek ez dira nahikoak izan aurrera segitzeko.
Asteburu honetan atseden hartuko du txapelketak, eta hilaren 23an izango da final laurdenetako lehenengo saioa, Urretxu-Zumarragan. Bertan ez da Oarso Bidasoko ordezkaririk izango.
Hilaren 25ean, Errenteria-Oreretan
Errenteria-Oreretan izango da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako saio bat. Hain zuzen, hilaren 25ean, 17:30ean, hasiko da, Fanderiako pilotalekuan. Jon Martin bertan izango da, eta bera izango da bi eskualdetako lehen ordezkaria final laurdenetan parte hartzen.
Alaia Martin Zestoako saioan ariko da, hilaren 31n; Lizarralde eta Xamoa, Ormaiztegin, azaroaren 1ean; eta Goiogana, Eskoriatzan, hilaren 8an.
Final handia abenduaren 20an jokatu dute Donostiako Illunben.