Iurgi, Ibon eta Cesar Bueno magoek osatuko dute Ficobako Magiaren II. Jaialdia.
Magiaren II. Jaialdia egingo dute larunbatean (hilak 17) Ficoba erakustazokan. Lehen ekitaldiko arrakastaren ondoren, bi saio egingo dituzte aurten, 16:00etan eta 18:00etan. Iurgi, Ibon eta Cesar Bueno magoak publikoa aho zabalik uzten saiatuko dira.
Aurkezpena Ibon magoak egingo du, euskaraz. Iazko edizioan egon zirenek dagoeneko ezagutuko dute zaldibiar gaztearen parte hartze magia nolakoa den, baina ikuskizun berria aurkeztuko du Ficoban. Iurgi iruñearra, berriz, eskarmentu handiko magoa da, magia bisualean iaioa. Nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu izan du, eta besteak beste, lebitazio trukuak, eta uxo zein untxiekin egiten ditu.
Eta kartela osatzeko, Cesar Bueno izango da Magiaren II. Jaialdian. Santanderrekoa da Bueno, eta Kantabriako Gobernuaren beka bati esker, AEBeko Las Vegasen ari da bere magia hobetzen.
Sarreren prezioa 6 eurokoa izango da, eta egunean bertan izango da aukera erosteko, Ficobako lehiatilan, 15:00etatik aurrera. Saio bakoitzean lau pertsonentzako bazkari bat zozkatuko dute Iñigo Lavado jatetxean.
Cesar Bueno mago kantabriarra