Elkarrizketariak programari esker, 6. urratsetik beherako ikasleek euren mailara egokitutako Mintzalaguna izango dute.
Mintzalagunaren aurkezpenean Josune Gomez, Jaione Campo, Gema Urtizberea eta Berta Susperregi.
Mintzalaguna egitasmoa sartu da ikasturte berrian, aurten berritasun batekin: Elkarrizketariak programa. Horri esker, euskara maila baxuena daukaten ikasleek, 6. urratsetik beherakoek, euren mailara egokitutako Mintzalaguna izango dute. Horrela euskara maila hobetu eta euskal komunitatea indartzea da da udalaren asmoa.
Edonola ere, euskara maila dena dela, bihartik aurrera eta ostiralera bitartean, izena emateko aukera izango da ikasturte berrian. Azaroan hasiko da, eta dohainik izango da. Izena
www.irun.org/euskara web orrian egin daiteke. Informazio gehiago, berriz, 010 edo 943 50 52 72 telefono zenbakietan eskura daiteke.
“Edonor izan daiteke Mintzalagun”
Euskaldun zahar nahiz berriak animatu dituzte Mintzalagunean parte hartzera. “Ez da gramatika maila alturik behar. Euskara dakien edonor izan daiteke, langilea, irakaslea, jubilatua, ikaslea…”, azaldu du Berta Susperregi iaz Mintzalagunean parte hartu zuen kideak.
Mintzalaguna egitasmoak euskara erabiltzea du xede, bai euskaraz ikasteko baita maila hobetzeko ere. Horregatik, bi multzotan banatzen dituzte taldeak: batetik, euskaltegietako ikasleak (6. urratsetik gora) eta bestetik, euskaltegietako ikasleak (11 edo 12 urratsetako ikasleak), EGA maila dutenak edo euskara lehen hizkuntza gisa erabiltzen dutenak.
Bertan parte hartzeko inkesta bat osatu beharko da, horrela taldeak osatu ahal izateko bakoitzak dituen zailtasunak, adina, elkartzeko ordutegia eta beste zenbait datu jasota. Bi, hiru edo lauko taldeak osatuko dituzte. Talde bakoitzak bere ordutegia zehaztuko du. Denek elkarrekin hainbat ekintza ere egingo dituzte: irteerak, tailerra, kultura-ikuskizunak…