2014ko denboraleekin Hondarribiko hondartzak 30.000 metro kubo hare galdu zituen. Duna eremua, aldiz, hazi egin zen.
Hondartzaren ekialdean dago duna, espigoiaren ondoan
Klima aldaketaren eraginez itsas maila igoko da, eta
denboraleen indartzearekin batera, euskal kostaldeko leku asko egoera larrian gera daitezke. Babes azpiegitura batzuk indartu egin beharko dira, eta beste batzuk sortu. Jon Zulaika biologoaren ustez, zeinbat kasutan naturak berak eskaini dezake babes hori.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Flora Babestuaren arduraduna da Zulaika eta
Uhinak, klima aldaketa eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko lehen kongresua–n hitzaldia eman zuen asteazkenean. Aldundiak hiru duna txiki sortu zituen 2013an Hondarribian, Deban eta Orion. Sortu berritan iritsi zitzaizkien 2014ko denboraleak. Oriokoa erabat hondatu zuen, Deban erdia salbatu zen, baina Hondarribikoak ondo eutsi zion, “babestuago dagoelako”. Eutsi bakarrik ez. Hondartza osoan galdutako hare bolumena berreskuratzeko 30.000 metro kubo isuri behar izan zituzten bitartean, duna hazi egin zen modu naturalean. Horrek erakusten du nolako garrantzia duten dunek hareatzen edo hondartzaren babes funtziorako.
Zulaika, Uhinak kongresuko hitzaldian
Landaredia baliatuz, haizeak hondartzatik eramaten duen harea harrapatzen du dunak eta Hondarribikoak 70 zentimetroko altuera irabazi du bi urtetan, 35 zentimetro urte bakoitzean, denboralearen urtean barne. Duna sortu zutenean bi espezie landatu zituzten, ihiak eta harenondokoak.
Ihien funtzioa haizearen abiadura moteltzea da, hare partikulak duna bertan geratu daitezen. Beste material batzuk erabili daitezke, baina Gipuzkoako urmaeletan beti izan dira ihiak, eta horregatik aukeratu zituzten ihiak kaptadore-hesiak sortzeko. Hala, duela bi urte jarritakoak lehortu direnerako, ihi berriak jaio dira haien lekuan, eta aurrekoen funtzioa ederki betetzen ari dira, asko luzatu direnez, haizea baretzeko gaitasun handia erakutsi dutelako. Haiei esker, duna handitzen ari da, eta hondartzak urtero galtzen duen hare kopurua ere murriztu egin da.
Aldundiak landatu zuen beste landarea harenondokoa da (
Ammophila arenaria), eta duna osoan landatu zuen, ihi hesien atzealdean. Hondarribiko dunak landatutako hareondokoen egoera oso ona da, asko hazi dira, eta berriak jaio. Gainera, egoera horietan bizi daitezkeen beste espezie batzuk hasi dira agertzen dunan (ikusi beheko galerian).
Babesteko gaitasuna
Zulaikaren ustez, “dunak hondartzekotako osagai kasik beharrezkoa” dira, eta ahal den lekuetan berreskuratu behar direla adierazi zuen asteazkenean Ficoban. Batetik, Hondarribian ikusi den bezala, hondartzako harea gordetzeko gaitasuna dute, bestetik, biodibertsitate aldetik oso interesgarriak dira, eta azkenik, denboraleen aurrean babesteko gaitasuna dute.