'Gotorlekua ezagutu' programaren barruan, Guadalupeko Fuertean bisita gidatuak egingo dira hurrengo hiru asteburutan.
Gotorlekuko infanteriako patioa
Gotorlekua ezagutu programaren barruan, Guadalupeko Fuertea ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu
Arma Plaza Fundazioak asteburu honetarako eta hurrengo bietarako. Larunbatekoa euskaraz izango da, 11:00etan hasita, ordubeteko iraupenarekin, eta 6 euroko prezioarekin (16 urtetik behera, doan). Ez dago erreserba egin beharrik, zehaztutako orduan gotorlekuaren sarreran egotearekin nahikoa izango da.
Igandean, aldiz, bi ibilaldi egingo dira, gaztelaniaz biak, eta ordu berean hasita, 11:00etan. Bisitetako bat ordubetekoa izango da, larunbatean egingo denaren antzerakoa; eta bestean gotorlekuko ezkutuko txokoak deskubritzeko parada izango da, bi orduko iraupena izango duelarik. Lehen bisitaren prezioa 6 eurokoa da, eta bi orduko ibilbidearena, hamar eurokoa (16 urtetik beherakoak, doan).
Igandeko bi bisitetarako ezinbestekoa da izena ematea, zortziko taldea osatu ezean bertan behera geratuko baitira (larunbat arratsaldean jakinaraziko litzateke).
Posta elektronikoz edo telefonoz (943 64 36 77 zenbakian) eman daiteke izena.