Uhinak kongresuko inaugurazioko hitzaldian aldaketa klimatikoaren larritasunaz ohartarazi zuen Azti-Tecnaliako Itsas Ikerketa Lantaldeko Angel Borja biologoak, eta epe luzera lan egiteko beharra aldarrikatu zuen.
Uhinak kongresuko inaugurazioko hitzaldian aldaketa klimatikoaren larritasunaz ohartarazi zuen Azti-Tecnaliako Itsas Ikerketa Lantaldeko Angel Borja biologoak, eta epe luzera lan egiteko beharra aldarrikatu zuen.
Angel Borja, Uhinak kongresuko inaugurazio ekitaldiko hitzaldia ematen
Zergatik erabaki zen Uhinak biltzarra antolatzea?
Bazen garaia bateratzeko Bidasoaren bi aldeetan klima aldaketaren inguruan egindako ikerketak. Gure arazoak komunak dira, Bizkaiko golkoan arazo berberak ditugu, eta bakoitzak ondokoengandik asko du ikasteko.
Biltzarrak egiten duen ekarpenetako bat hori da, begiak euskal kostaldean jarrita aztertu duela klima aldaketa. Aurkeztu diren ponentzien kopurua harritzekoa da.
Nik uste oraindik gehiago aurkez zitezkeela. Biologian, esaterako, arrantzarako interesa duten espezieen ingurukoak, ekosistema bentonikoak, espezie inbaditzaileak… Edo klimari buruzko gehiago… Euskal kostaldean eta Akitania osoko kostaldean egindako ikerketa asko daude.
Biltzarreko ponente guztiak diagnosi bateratu batetik abiatu dira. Aldaketa klimatikoa badela, eta neurriak hartzen ez badira, ondorioak oso handiak izan daitezkeela. Hainbesterako al da?
Bai. Bakarrik ikuspuntu ideologiko batetik eutsi dakioke aldaketa ezaren ideiari. Aldaketak geroz eta ugariagoak eta azkarragoak izango dira, eta aldaketa horien jatorria negutegi efektua da. Zientziaren ikuspegitik ebidentziak izugarriak dira, eta aldiz, kontrakoa azaltzen duenik ez dago. Okerrena da gizarte garatuek gutxi gorabehera arazoari aurre egiteko aukera izango dutela, baina garapen txikiena duten gizarteek modu desberdinetan sufrituko dute: Pazifikoko hainbat irla-estatu desagertuko dira itsas mailaren eraginez, beste batzuk jendez hustuko dira lehorteen eta ura lortzeko borrokaren eraginez, eta migrazioak beste herrialde batzuetan presioak sortuko ditu, beste hainbat ondorioren artean.
Espainiako Estatuaren kasuan, Kosta Legearen aldaketarekin, handitu egin da itsasertzetik gertuagoko eremuak okupatzeko aukera. Mediterraneoko kostaldean, hemendik 40 edo 50 urteetara ur azpian egongo diren edo geroz eta ugariagoak izango diren muturreko fenomenoen eragina jasoko duten lurretan eraikiko da, eta sufrituko dituztenek ardurak eskatuko dituzte, eta ziurrenik denon artean ordaindu beharko dugu hori.
Zure hitzaldian, gizakiak itsasoan ezartzen dituen presioez mintzatu zinen. Euskal kostaldean zeintzuk dira presio nagusiak?
Euskal kostaldeko presioa baxua da, adibidez, Mediterraneoarekin alderatuta, oso malkartsua delako. Historikoki, presioa estuarioetan gertatu izan da, itsasoari jandako lurrengatik, isuriengatik, eta abar. Zorionez, isurketak desagertzen joan dira, eta garbiketa egiten, eta duela 25 urte egoera txarrean zeuden estuarioak berreskuratzen ari dira, hala nola Nerbioi, edo hemen, Oiartzun ibaiarena. Itsaso zabalean arrantza eta itsasoko garraioa dira presiorik handienak.
Eremu babestuen beharraz mintzatu zinen, Ulia-Jaizkibel itsas korridorea izan daiteke horietako bat. Baina hori nahikoa ez dela baieztatu zenuen. Zer gehiago egin behar da?
Ingurune babestuak sortu behar dira, baina ez paperaren gainean, zaintza eta kontrol neurri eraginkorrak aplikatuz baizik. Baina, hori bezain garrantzitsua da ekosistemak modu ahalik eta naturalenean iraunaraztea, eta horretarako gizakiaren jarduerak iraunkorrak izatea lortzea ezinbestekoa da.
Klima aldaketaren eraginak leuntzeko, emisioak murrizteaz gain, egokitu egin behar gara, hareatzak eta dunak berreskuratu, estuarioetako eremu inundagarriak berreskuratu, babes eremuak sortu, eta etorkizunean kaltetuak izango diren eremuetan eraikitzea galerazi.
Uhinak kongresuak zientzialariak eta erakundeak elkartu ditu arazo beraren gainean eztabaidatzeko. Zertan zaudete ados, eta zertan ez?
Nik uste ados gaudela arazo bat dugula onartzerakoan, baina ez epeetan. Orokorrean, politikoek agintaldi bakarra dute buruan eta euren gastuari dagokionez, ekonomia eta enplegua da euren lehentasuna, eta oraingo testuinguruan, noski, are eta gehiago.
Baina aldaketa klimatikoaren arazoari aurre egiteko ezinbestekoa da epe luzera begira jartzea, eta ez mehatxu bat bezala hartuta, garapen teknologikoari (energia berriztagarriak, ingenieria bigunak…) eta adaptazioari lotutako enplegurako aukera bat bezala baizik.
Joan den asteburuan hogei pertsona hil ziren Kosta Urdinean, uholdeen eraginez. Oraindik gogoan ditugu 2014ko neguko denboraleek gure kostaldean eragindako kalteak. Horiek ohikoak bilakatu behar al dira?
Dudarik gabe. Eszenatoki askok muturreko gertakariak ugariagoak eta bortitzagoak izango direla aurreikusten dute. Itsasoaren mailaren igoerak, muturreko efektu hauei lotuta, 2014ko gertakariak bezalakoak ugaritzea ekar dezake