Klima aldaketak euskal kostaldean izan dezakeen eragina aztertuko dute gaur eta bihar artean Ficoban, Uhinak biltzarrean.
Angel Borja, Uhinak biltzarra inauguratzeko hitzaldian
“Biodibertsitatearen galerak azkartzen ari dira, eta horrek, klima aldaketarekin eta nitrogeno maila murriztearekin batera, planeta arriskuan jartzen du”. Horrela mintzatu da Angel Borja AZTI zentro teknologikoko ikerlaria gaur goizean Ficoban,
Uhinak, Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko I. Kongresua-ren aurkezpen hitzaldian.
Kopenhagera bidaiatzeko hegazkin bat hartu aurretik, aldaketa klimatikoaren begi bistako eraginez ohartarazi du Borjak, eta itsasoa ulertzeko agenteen arteko elkarlana aldarrikatu du: “Itsasoa modu integralean ikertu behar da”.
Ramon Iribarren itsas ingeniaria omentzeko balioko du Uhinak biltzarraren lehen ekitaldiak. Aitzindaria izan zen Iribarren, eta haizeak eta olatuak ikertzeko bere metodoak balio izan zuen, besteak beste, Hondarribia, Orio, Getaria edo Mutriku herriak itsasoaren erasoengatik hobeto babesteko. “Egun, berehalakotasuna bilatzen dugu, eta kosta egiten zaigu aldaketak epe luzera ikertzea. Ramon Iribarrenek erakutsi zigun epe luzera ikertzearen garrantzia”, erantsi du Aztiko ikerlariak.
Elkarlana aldarrikatu dute
Klima aldaketak euskal kostaldean izan dezakeen eragina aztertuko dute gaur eta bihar artean Ficoban. Askotariko adituak elkartu dituzte xede horrekin. Gaur goizean, esaterako, Alejandro Cearreta paleontologoak geologiak itsas maila aztertzeko duen garrantzia aztertu du.
Cearretak parte partzen duen EHUko taldeak azken 8500 urteetako itsas maila zehaztea lortu du, eta itsas maila 1920 urtean azkarrago igotzen hasi zela ondorioztatu dutela azaldu du. “Urtean bi milimetro inguru hazten ari da, ez dirudi asko, baina azken 7000 urteetan egin duena baino sei aldiz azkarragoa ari da igotzen”. Horregatik, erakundeei deia luzatu die, “aurre egiteko neurriak hartzerako orduan ezagutza zientifikoa eduki dezaten oinarri bezala”.
Zentzu berean mintzatu da Ainhoa Caballero AZTIko kidea. Bere esanetan, “oso garrantzitsua da itsas mailak eskualde bakoitzean nola eragingo duen ezagutzea, neurri zehatzak hartu ahal izateko”. Mende bukaerarako euskal kostaldeko itsas maila 29-49 zentimetro artean igoko dela ziurtatu du Caballerok, eta itsaski ziklonikoetan ura 40 zentimetro gorago iritsi daitekeela. Hala, Bizkai eta Gipuzkoan egun baino 250 hektarea gehiago geratu daitezke ur azpian halako itsaskiekin, “horoetatik %45 hiri-lurrak”. AZTIk kideak Hondarribiko aireportua aipatu du, “neurriak hartu ezean”, mende bukaera baino lehen kaltetu daitekeen azpiegituren artean.