Sexuari buruzko ikuspegi positiboa eta osasungarria eskaintzeko helburuarekin jaio da Asexorate. Tailerrak eta aholkularitza eskainiko ditu.

Asexorateren aurkezpenean Itsaso Carrizo, Josune Gomez eta Sergio Corchon.
Sexuari buruzko ikuspegi positiboa eta osasungarria eskaintzeko helburuarekin Irungo Udalak martxan jarri du Asexorate iniziatiba. Asexoratek bi adar edukiko ditu: tailerrak eta aholkularitza. Guztia doan izango da, eta dagoeneko izena eman daiteke abenduaren 13ra bitartean.
Josune Gomez Gazteria ordezkariaren arabera, zerbitzu horren bidez, “sexualitatearen inguruko printzipio eta balioen inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatu” nahi dituzte, eta “uste faltsuetan oinarritutako mitoak argitu”. Sergio Corchon Gizarte Ongizate ordezkariak, berriz, sexuen arteko berdintasuna lortzearen garrantzia nabarmendu du. Programaren bidez ere askotan tabu diren gaiak landuko dituzte.
Tailerrak gazteei nahiz guraso eta tutoreei zuzenduta egongo dira. Gazteei dagokionez, “sexudun izaki diren neurrian, pentsatu, erabaki eta bizitzeko eskubidea” dutela landuko dute, “beren sexualitatearen eta besteenaren berdintasuna onartuz”, jakinarazi du Itsaso Carrizo psikologo eta sexologoak. Gurasoei dagokionez, berriz, oinarrizko kontzeptuak landuko dituzte, eta batik bat “komunikazioa eta afektibitatea eta aldaketa garaietan laguntzea”.
Tailerrak sei egunetan banatuko dira, ostegunero, abendura bitartean. Ordutegia 17:00etatik 19:00etara izango da, eta Martindozenea gaztelekuan egingo dituzte. Gurasoei zuzendutakoa, berriz, proba modura tailer bat egingo dute azaroaren 7an, 11:00etatik 13:00etara Igazte bulegoan. Erantzunaren arabera, tailer gehiago antolatuko dituzte.
Aholkularitza indibildualki
Maila indibidualean emango da aholkularitza, berriz. Bertan, sexualitate plenoa eta osasungarria bultzatzen saiatuko direla gaineratu du Carrizok. Aurrez aurre edo bertara joan gabe eskatu ahal izango da zerbitzua.
Aurrez aurreko zerbitzua bi asteazkenetik behin egongo da 17:00etatik 19:00etara Igazte bulegoan gazte eta nerabeentzat, eta gurasoentzat, larunbatetan 11:00etatik 13:00etara (txanda hartzeko
www.irun.org edo 636 27 44 81)
Bertaratu nahi ez dutenek aukera izango dute telefonoz egiteko galdera 943 50 54 44 edo 636 27 44 81 telefono zenbakietan (aurrez aurreko zerbitzuaren egunetan) edo
Igazteren web orrian.