Egindako akatsengatik galdu du taldeak, irabazteko aukera izan zuen arren. Bigarren taldeak ere galdu du.
Kanpoko taldea gehiago izan zen
Hondarribia Eskubaloiak Euskal Ligako lehen porrota jaso zuen atzo, Hondartza kiroldegian, Gasteizko Corazonistasen kontra (22-24). Bi goleko errentaz galdu zuten hondarribiarrek, baina handiagoa izan zitekeen, azken hiru minututan 3-0 partziala lortu zutelako, Gasteizko taldeak bi jokalari galdu zituenean.
Euren akatsen erruz galdu zuen Hondarribiak. Partida atzetik hasi zuten, baina defentsan sendo jarri zirenean, markagailua iraultzea lortu zuten eta atsedenaldira aurretik iritsi ziren.
Bigarren zatiaren hasieran partida erabakita uzteko aukera izan zuen etxeko taldeak, baina atzean eta aurrean huts egiten hasi ziren, eta denboraldi hasieran aurkaria sasoi hobean dagoela erakutsi zuen.
Gasteiztarrek partida berdindu zuten, aurretik jarri ziren, eta hondarribiarren urduritasunaz baliatu sei goleko errenta lortzeko. Hortik, markagailua zaindu besterik ez zuten egin behar izan Hondartzatik bi puntuak eramateko.
Bigarren taldeak ere galdu
Aurten senior mailako bigarren taldea atera du elkarteak, Gipuzkoako Bigarren Mailan jokatuko duena. Lehen taldeak bezala, etxean galdu zuen Hondarribia B-k, Egia Kata Taberna taldearen kontra (21-22). Bigarren jardunaldian kanpoan jokatuko du taldeak, Urolaren kontra.
Hondarribia Eskubaloia elkarteko taldeen emaitzak
Euskal Liga
- Hondarribia Eskubaloia-Limpiresol Corazonistas 22-24 (sailkapena)
Gipuzkoako 2. Lurraldeko Txapelketa
- Hondarribia Eskubaloia-Egia Kata Taberna 20-21 (sailkapena)
Gazteen Maila
- Donibane-Hondarribia Eskubaloia 32-18 (sailkapena)
Kadeteen Maila
- Eslaban Eibar-Hondarribia Eskubaloia 15-30 (sailkapena)