Belgikan aurkariak atzetik zainduta garaile izan da Ander Vilariño. Alon Day israeldarrak irabazi ditu azken bi karrerak.
Vilariño, igandeko karrera bukatuta (arg: Whelen Euro Series – Stephane Azemard)
Azken bi probetan seigarren gelditu eta gero,
EuroNascar Txapelketa hirugarren aldiz irabazi du
Ander Vilariño pilotu hondarribiarrak. Txapelketako azken asteburura lider iritsi zen hondarribiarra, baina iaz antzerako egoera batean ihes egin zion eraztunak, eta aurten ez zegoen horretarako prest. Garaipenaren ondoren onartu duenez, oso gogorra egin zaio: “Oso pozik ago. Urtea oso neketsua izan da psikologikoki. Nire familiaren sostengua eskertu behar dut, Irune emaztearen eta Naia eta Alexander seme alaben laguntza, urte osoan egon baitira babesa ematen, eta bereziki Belgikako azken asteburuan. Beraiekin in situ ospatu ahal izatea oso berezia izan da”.
Lau urtez egin da EuroNascar Txapelketa, eta horietatik hirutan Ander Vilariño izan da garaile (2012, 2013 eta 2015), eta bestean bigarren (2014). Aurten hiru proba irabazi ditu, 2014an baino gutxiago, baina txapelketa erregularrenak irabazten duela ikasi zuen iaz eta aurten horretan maisutasuna erakutsi dute bai hondarribiarrak, baita TFT Santander bere taldeak.
Hirugarren garaipena lortuta, abenduan AEBera itzuliko da Ander Vilariño, eta Charlotteko Nascar Hall of Fame egoitzan egingo dute galan jantziko du hirugarrenez EuroNascarreko eraztuna.
Bukaera, Zolderren
Belgikan bukatu da aurtengo EuroNascar, Zolder herriko zirkuituan, eta bertara 35 puntuko aldearekin lider iritsi zen Vilariño. Atzetik Nicolo Rocca italiarra zuen sailkapenean, 35 punturekin, baina ez zen aurkari bakarra. Etxean lehiatzen zen Anthony Kumpen belgikarrak eta Romain Ianetta eta Frederic Gabillon frantziarrek ere aukerak zituzten txapelketa irabazteko. Gauzak horrela, eta sailkapenean tarte handia zuelarik, aurkariak atzetik zaintzea erabaki zuen hondarribiarrak estrategia bezala Zolderren.
Eta ondo atera zitzaion. Roccak arriskatu behar zuen, larunbatean lehen itzulian kanpoan geratu zen eta igandean ez zen atera ere egin —azkenean 9. posturaino erori da—. Aldiz, italiarraren taldekide Alon Day israeldarrak sekulako denboraldi amaiera izan du, azken lau probetatik hiru irabazi ditu, horien artean Belgikako biak, eta bigarren koskaraino igotzea lortu du.
Beste aurkarien artean Kumpen izan zen bi egunetan hutsik egin ez zuen bakarra —3. izan zen bi egunetan—, baina ez zen behar zuen bezain aurrean ibili, eta Vilariñok kontrolpean eduki zuen uneoro.
Larunbateko azken itzulian, istripua
Asteburuko une zailena larunbateko azken itzulian gainditu behar izan zuen pilotu hondarribiarrak,
safety car baten ondoren. Zazpigarren postuan zihoala, laugarren izateko borrokan ari ziren Mathias Lauda eta Verbergt Tim pilotuen arteko talka handia izan, gutxigatik libratu ahal izan zuena. Gerora Lauda kanporatu zuten istripua eragiteagatik eta Vilariño seigarren sailkatu zen.
Igandeko karreran, bukatzearekin ia nahikoa zuen Vilariñok, eta hala egin zuen. Kumpen eta Gabillonen atzetik egin zuen ia lasterketa osoa, seigarren tokian, buruhausterik gabe. Azken itzulian, eraztuna eskuan zuela, hanka pedaletik altxatu zuen Vilariñok eta Ianetta taldekideari pasatzen utzi zion, larunbatean bezala seigarren postuan helmugaratuz.
Azken sailkapena
- Ander Vilariño. 662 puntu.
- Alon Day (Is). 627 puntu.
- Romain Ianetta (Fra). 614 puntu.
- Anthonuy Kumpen (Bel). 610 puntu.
- Ediee Cheever III (Ita). 599 puntu.
Sailkapen osoa