Herriak Libre dinamikak Askapenaren inguruko mozioa aurkeztu zuen udaletxean, baina alkateak gai ordenean ez sartzea erabaki zuen, arazo legalak ekar zitzakela argudiatuta.
Herriak Libre dinamikako kideak (aurrean), Irungo EH Bildu eta Si Se Puede Irun taldeko kideekin (atzean).
Herriak Libre dinamikak Jose Antonio Santano alkatearen jarrera gaitzetsi du, Askapenaren gaineko mozio baten eztabaida zentsuratzeagatik. Dinamikaren esanetan, Santanok “jarrera tamalgarria” erakutsi du, eta “Irungo jendartean inpaktu zuzena eduki dezakeen ilegalizazio baten aurrean, alkatea bere arduretatik ihesi” ari da.
Urriaren 19an Askapenaren kontra hasiko den epaiketari begira, Herriak Libre dinamikako lagunek mozio bat aurkeztu zuten Irungo Udalean. Bertan, Askapenaren kontrako auzibidea salatu eta Askapenari eta auzipetuak izan diren erakundeko bost kideei elkartasuna adierazten zitzaien. Jose Antonio Santano alkateak, ordea, mozio hori gai ordenean ez sartzea erabaki zuen.
Asteazkeneko udalbatzarrera gerturatu ziren Herriak Libre dinamikako lagunak, eta galdera eskaeren atalean erabaki horrengatik galdetu zioten Santanori. Alkateak “legedi kontuak” argudiatu zituen, “terrorismoa goratu zezaketen komentarioak” gerta zitezkeela, eta horrek “lege mailako arazoak” ekar ziezaizkiolakoan.
Argudio horiek, ordea, inondik inora justifikatuta ez daudela iritzi dio Herriak Librek. “Bere burua ordezkari bakezaletzat eta Irungo herritarrengandik gertu dagoela saltzen duen alkateak” herritik datorren eztabaida bat galarazi duela gaineratu du, eta “bakebidean martxan jartzen diren herri ekimenen aurrean erresistentzia” erakutsi duela.
Askapena, gainera, Irunen urte luzez martxan egon den taldea dela gogorarazi du dinamikak, eta Irungo hemezortzi eragileren babesa jaso duela epaiketaren aurrean.
Orain, jarrera horren aurrean zer egin baloratuko duela adierazi du dinamikak.
EH Bildu eta Si Se Puede Irun izan dira Santanoren jarrera gaitzetsi duten talde bakarrak. Era berean, Askapenaren kontrako epaiketaren kontra agertu dira, oinarrizko eskubideak urratzen dituela iritzita. Bake eta normalizazioaren prozesuan halako epaiketak oztopo direla gaineratu dute.
Herri epaiketa, bihar
Askapenaren kontrako epaiketari begira, bihar, 12:00etatik aurrera, Herri Epaiketa egingo dute. Manifestazio txiki bat egingo dute erdialdetik, eta ondoren, San Juan plazan, “Espainiako Estatu inperialista” epaituko dute, NATOn parte hartzeagatik, Saharako herriarekiko utzikeriarengatik, eta Espainiako Estatua osatzen duten herriekiko duen jarrera errepresiboarengatik”. Zapatila emateko eskatu dute.
Egitaraua bazkariak eta kontzertuak osatuko dute. Bazkaria 14:00etan izango da Hazia elkartean. Sarrerak 15 euroan eros daitezke Hazia, Sunbilla, Aranztarran. Kontzertua 20:30ean hasiko da Hazian bertan: Sangre de Mono.
Urriaren 17an hasiko da Askapena erakunde internazionalistaren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Askapenako bost kide epaituko dituzte —Walter Wendelin, Gabi Basañez, David Soto, Aritz Ganboa eta Unai Vazquez—, eta bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte. Askapenaz gain, Bilboko Askapeña konpartsa, eta Herriak Aske nahiz Elkar Truke mugimenduak legez kanporatu eta desegitea eskatzen dute.