EuroNascar Txapelketako azken asteburura lider bezala iritsi da, 508 punturekin, eta bigarren postuan den Nicolo Rocca italiarrari 35 puntu ateratzen dizkio.
Kumpen atzoko aurkezpenean. Etxean jokatzen du belgikarrak
Ander Vilariño pilotu hondarribiarrak EuroNascar Txapelketa hirugarrenez irabazi dezake asteburuan. Txapelketako azken asteburura lider bezala iritsi da, 508 punturekin, eta bigarren postuan den Nicolo Rocca italiarrari 35 puntu ateratzen dizkio. Zolder herrian (Belgika) jokatuko dira azken bi probak, larunbata eta igandean. Baina txapelketa gaurtik bertatik jokatzen da, larunbateko karrerarako sailkapen probarekin.
Bihar bertan irabazi dezake hirugarren eraztuna hondarribiarrak, baina kontuan izanik EuroNascarreko puntuazioan irizpide asko kontuan hartzen direla —sailkapena, pole-a, buruan emandako itzuliak, eta abar…—, litekeena da igandera arte txapelduna zein den ez jakitea. Printzipioz, Vilariño eta Rocca dituzte aukera gehien, baina atzetik datorren hirukotea ezin da guztiz baztertu; horien artean etxean jokatuko duen Anthony Kumpen zaindu beharko da bereziki.
Sailkapeneko lehen postuak
- Ander Vilariño. 508 puntu.
- Nicolo Rocca (Ita). 473 puntu.
- Romain Ianetta (Fra). 456 puntu.
- Anthony Kumpen (Bel). 454 puntu.
- Frederic Gabillon (Fra). 449 puntu.