Hondae elkartea Jaizkibel mendian Afrodita tenplua aurkitzeko bigarren indusketa bat prestatzen ari da. Lehenengoan eraikin handi baten aztarrenak aurkitu zituzten iaz.
Indusketa baten metodologia ezagutzea izan zen helburua, baina irizpide batzuk jarraituz hautatu zuten non egin
Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak (Hondae) goiz pasa arkeologikoa egin zuen iazko martxoan Jaizkibel mendiko gailurrean. Herriko ondarea herritarren artean zabaltzea da elkartearen xedea, eta helburu horrekin, kata batzuk egitea bururatu zitzaien. Indusketa arkeologiko bat nola egiten den ikasi nahi zuten, baina irizpide jakin batzuetatik abiatuta aukeratu zuten jardunaldirako tokia, II. Karlistadako San Enrike gotorlekua.
Batetik, duela 35 urte sator batek erromatarren garaiko txanpon bat azaleratu zuen inguru horretan. Bestetik, II. mendean Ptolomeo geografo greziarrak Jaizkibel gailurrean kokatu zuen Oiasso Pirinioetako muturra (Oiasso Akron Pirenes), eta bertan Venus jainkosaren tenplua (Ieron Aphrodites) —greziarrentzat Afrodita, erromatarrentzat Venus, jainkosa bera da—. Azkenik, fuertea eraikitzeko aukeratutako guneko ikuspegia ezin hobea da, Pirinio mendilerroa, Bidasoa bailara, Gipuzkoa ia osoa eta Kantauri itsaso zabala zaindu daitezke Jaizkibel muturretik.
Boluntarioen artean eskarmentu handiko arkeologoak daude Hondaen, horien artean Mertxe Urteaga Arkeolaneko zuzendari eta Irungo Oiasso Erromatar Museoko arduraduna. Hala, mendira igo aurretik eta ikerketa egiterako orduan, edozein indusketatan erabiltzen diren tresna profesionalak izan zituzten eskura, horien artean satelite bidezko Lidar kartografia. Urteagak azaldu duenez, lur azpian eraikin baten arrastoa azaltzen zuen sateliteak: “Ikusten ziren lur azpian pinporta batzuk, eta zuzen batzuk, egitura zahar bat zegoela ematen zuen, eta tokia estrategikoa da, argi dago San Enrike gotorlekua baino lehen beste zerbait egon behar zela”.
Hori guztia kontuan izanik,
arkeologian murgiltzeko jardunaldia Jaizkibel gainan egitea erabaki zuten. “Txanponarena, toki estrategikoa, Ptolomeoren aipamena, eta Lidarren bidez ikusten ziren arrasto horiek, horregatik egin genuen han”, argitu du arkeologoak.
Metro zabalerako harriak
Urteagarekin batera, beste arkeologo bat, Pia Alkain, eta Aranzadirekin hainbat ikerketetan parte hartu izan duen Enrike Lekuona ingeniaria izan zituen buru mendi irteerak. Bakoitzak boluntario talde baten ardura hartu zuen eta bi metro luzera eta metro bateko zabalerako hiru miaketa gune finkatu zituzten. Belarra baztertu eta gutxira bala batzuk eta bala zorro bat, iltzeak eta zeramika modernoa azaldu ziren… gotorlekuaren garaikoak denak. Baina pixka bat gehiago sakonduta, harri batzuekin topo egin zuten, metro bateko zabalerako horma landuak, eraikuntza handi baten aztarrenak.
Bildutako informazioa aztertu eta gero, ondorioztatu dute ez zirela XIX. mende bukaerako egitura gotortuarenak. “Planora pasatu eta egituraren norabidea ikusi dugu. San Enrike gotorlekuko planoaren gainean jarri dugu eta ez dute bat egiten, norabide desberdina dute biek”.
Iaz sakonera txikiko zuloak egin zituzten eta beste indusketa sakonago bat egitea erabaki dute, eraikina zein garaikoa den zehazteko: “Egin behar dena da hori zabaldu, ikusteko egitura horri lotuta materialak agertzen diren, ikatza edo, horrelako baliabideak datatzeko”, erantsi du Arkeolaneko buruak.
Adituak tartean dauden arren, boluntario taldea da Hondae, eta indusketa egin ahal izateko aldundiaren baimena ezinbestekoa dute, eta gainera, edozeini ez diote baimena ematen, titulazioa ezinbestekoa da. Baimenik gabe indusketa bat egitea delitu izateaz gain, Pia Alkainek argi du metodologia zientifikoa goitik behera zaindu behar dela: “Inportanteena da hau elkarteko kideekin partekatzea, metodoa erakustea. Ez da bakarrik mendira joan, zulo bat egin eta gauzak topatu. Aurkitutakoa kokatu behar da, ondo egin, zerbaiterako balio izatea nahi badugu”.
Eraikina ez dator bat gotorlekuarekin
Tenplua altxorra litzateke
Zundaketa berria noiz egingo duten ez du oraindik zehaztu Urteagak: “Falta da iaz egin zen lana osatzea, planoa badago, deskribapena ere, osatu eta horrekin batera zundaketa berria egiteko baimena eskatu behar da”. Udazkenan ez bada, neguan berriro igoko dira mendira Hondaekoak, indusketa arkeologikoaren metodologian sakontzeko xedez, baina historia aldatuko duen aurkikuntzaren bat egitea baztertu gabe.
Baliteke fundamentuzko ezer ez aurkitzea, baina gauza bat argi dauka Mertxe Urteagak, Ptolomeok aipatutako tenplua agertuko balitz, “salto batean jaitsiko ginateke Jaizkibeletik. Horrelako aurkikuntza bat tranpolina litzateke beste eremuetara jauzi egiteko. Baliabideak beharko lirateke, baina tenplu bat aurkituz gero, etekinak izugarrizkoak dira”. Ikerketa zabalagoa eskatuko luke horrek, luzeaagoa, profesionala, Hondaeko boluntarioek ez, beste batzuek egingo luketena.
Venus jainkosaren tenplua agertu ala ez, altxatutako lurra bere lekura itzuli eta harri bila jarraituko du Hondaek, mendian, itsas ertzean, hiribilduan… egun Hondarribia dagoen lekuan bizi izan zirenen ondarea ikertzen. Izan ere, zer izan ginen ezagutu gabe, nola jakin zer garen.